argia.eus
INPRIMATU
PUNTTA BERRIEN FESTA
  • aro honek, baina udareondoen, urkien edo makalen loreak jaioko dira.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Udaberrian eta udan izan nahi ditugun uztak aurrez prestatu beharraz aritu gara neguan. Aurtengoa aurrekoen aldean negu polita izan denaz jabetuta mingainean besterik ez genuela, egin duen hotz apurrera azala ohitzerako mimosak, hurritzak, haltzak eta sahatsak loretu zaizkigu. Orain udareondo, madariondo edo makatzen, elorri beltzen, urkien, makalen eta muxiken loreak datoz. Bai bai, konturatzerako udaberria etorria da. Berarekin nahi baino txorabio eta purtzilkeri gehiago ekarri ohi dituenez, joan ere etorri ahala egingo al da?
Etorri eta joan, udaberria zirrikitu ttikia da eta beste aroen aldean tarte estua uzten du gozamenerako. Lorea bezala. Landarea ur gaineko bitsetan, inoiz bada, loretan denean izaten da. Lurra epeltzen hasi da eta gaua makurtuz eguna luzatzen ari den honetan izerdia bor-bor datorkio azalpean. Hara zer nolako pagotxa!
Landare jende gehienak nabarmenak ditu loreak. Horretan ere nabarmendu beharra izaten dute batzuk eta diximulorik zurienean lore sotilak, mimetikoak, zabaltzen dituzte, udaberriarekin zorretan espeziea berdosta, lotsatuta bailego. Hauen zainetan izerdi gozoa ere badator, eta lorea ez bezala hostaje berria ezin ezkuta. Puntta berria, beti da deigarria. Astigarren horia, zuhandorraren odola, haritzaren berde-argi argia, aranondo japoniarren eta pago gorrien sua, udareondo eta otsolizarren muturje potolo bilotsua, ezkien transparentzia, xarmen xarma... Lore haizetsuekin bai, baina gozazazu puntta berrien festan ere. Izerdia den odola bor-bor