argia.eus
INPRIMATU
LIZARRA-GARAZI SOZIALIZATUZ
2021eko uztailaren 19a
LIZARRA-GARAZI SOZIALIZATUZ
EKITALDI publikoa egin zuten igandean Lizarra-Garaziko sinatzaileek Donostian. Datozen asteetan egingo dituzte Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Baionan. Euskal gizartean eta Europan ere akordioa zabaltzeko asmoa agertu dute eta logotipoa ere ezagutzera eman dute. Azkenik, egoitza bat ere zabaldu dute Donostiako Salamanka Pasealekuko 14. zenbakian eta Olatz Alberdi hautatu da Akordioaren kudeaketa lanak aurrera eramateko.

KALE BORROKAREKIN BUELTAKA
IRAGAN astean Javier Balzak, Eusko Jaurlaritzako Barne Kontseilariak, PP eta PSE-EEren erasoaldi parlamentarioari egin behar izan zion aurre kale borroka zela eta. Balzak ihes egitea lortu zuen, baina azken agerraldia izango ez dela jakitun izanik. Madrilgo Gobernuaren geldikortasun eta erasoaldiari kale borrokarekin erantzuten jarraitzen dute batzuek «Euskal Herriaren defentsarako eskubidea» argudiatuz. Ekaineko hauteskundeetara begira egoera hau mantenduko den ala ez da, besteak beste, galdera ikurretakoa. Terrorismoaren Euskal Herriko Biktimen Kolektiboak, bestalde, hilaren 27rako bilkura bat deitu du kale borrokak eragindutakoei elkartasuna adierazteko.

JARRAI-REN 20. URTEURRENA
MAIATZAREN 6an beteko dira Jarrai erakundea sortu zela 20 urte eta urteurrena ospatzeko abian dira jada jarraizaleak. Portugalete eta Areetan ekin zioten ibilaldiari eta, Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, datorren larunbat honetan iritsiko dira Iruñera. Apirilaren 1ean beste ibilaldi erraldoi bati ekingo diote, Donibane-Lohizunen hasiko da eta 4.000 inguru lagun bildu nahi dituzte martxarako. Apirilaren 3an Intxaurrondoko Guardia Zibilaren aurrean kontzentrazioa egingo dute eta 3an amaiera emango diote Donostiako Belodromoan egingo den jaialdiarekin.

ETXEKO LANEN AITZAKIAN
EZKER BATUAren ekimenez, Eusko Legebiltzarrak etxeko lan ez ordainduen balorazioa egin dezan agindu zion Emakunderi. Lan mota hau gizarte segurantzan kontuan har dadin urrats gisa hartu izan da. Gai honekiko PP, PSE-EE eta IU-EBren arteko kontsentsua kritikatu zuten EAJ, EA eta EHk. Proposamenarekin ados agertu arren, alderdi estatalisten jarrera kritikatu zuten, beren ustez Espainiako Legebiltzarrean gehiengoa izanik, horrelako ekimen bat zuzenean jarri baitezakete indarrean. Proposamena, ostera, Jaurlaritzak oraindik eskumenik ez duen alorrean egiten da.

EH-REN SOSTENGUA
EH-tik adierazi denez, Aste Santua baino lehen hitzartu daiteke Jaurlaritza sostengatzeko akordio orokorra. Formula zein izango den airean da oraindik, Ibarretxe lehendakariak EHk kale borroka gaitzetsi edo harekiko bere errefuxapena agertu arte ez dela sinatuko iragarri baitzuen iragan astean egindako agerraldi berezian. Edozein modutan, akordio honez gain, legealdian zehar sail bakoitzak dituen proiektuekiko akordio zehatzak gauzatu beharko dira eta horietarako ez da samurra akordiorik aurrikustea; beraz, unean uneko negoziazioekin konpondu beharko dira.