IKERFOLKek euskal dantza munduaren inguruko aldizkaria aurkeztu berri du. «Jira galdua» izenez eta Iñaki Arregiren ardurapean hiru hilabetean behin kalean izango den argitalpena dantza tradizionalari buruzko informazioa jasotzeko xedez jaio da. Honekin batera, gainera, elkarte berdinak beste hiruhilabetekari bat jarri du kalean, lehen ere kaleratzen zena eta orain berreskuratu dena. «Pas de basque» du izena , Oier Araolazak zuzenduko du eta dantza-taldeen arteko zubi izan nahi du.
«BALEEN BERBAROA» HEDATUZTXALAPARTA argitaletxeak Edorta Jimenezen «Baleen Berbaroa» eleberriaren gaztelerazko itzulpena argitara emango du aurki, apirilean ziurrenik. Izan ere, nobela hau aurtengo Espainiako Literatura Sari Nazionalean lehiatzeko hautatua izan zen. Sarian parte hartzeko gaztelerazko itzulpena lehenbailehen egin beharrean aurkitu dira egilea eta argitaletxea eta horregatik itzulpen-zerbitzu batengana jo dute. Iaz bere Libelo famatuari esker ezagun egin zen Matías Múgica aritu da, besteak beste, itzulpen lanetan.
UNIBERTSITATE ESKEANIEHIE-k, hots, Ipar Euskal Herriko Ikasleen Elkarteak mobilizaziorako deialdia luzatu du, larunbat honetan, hilak 27, Baionan. Iparraldean unibertsitate autonomo baten beharra aldarrikatzea du helburu manifestazioak. Ikasleek Baionan ikasketak amaitzeko zailtasunak eta ikerketa sailik eza salatu dituzte baita Iparraldean ikasketa guztiak amaitzeko prest daudenen kopurua hainbat sail zabaltzeko nahikoa dela argudiatu ere.
ARTEAREN SARDESKA BILBONAPIRILAREN amaiera bitarte 20 erakusketa bateratu izango dira zabalik Bilbon. Bertako hainbat taberna eta kulturgunetan 20 artista desberdinen lanak –Eva Artetxe, Karlos Baudillo, Rafa Legorburu, Joseba Karbajal, Isidoro Calzada eta beste hainbatenak) dira ikusgai «Sardeskarte 99» izenburupean. Izan ere, erakusketak jaso dituzten 20 guneak hiriko plano batean batuz gero sardeska baten itxura hartzen dutela ikus daiteke.
ZIZUR TXIKIA HANDITUZIRUÑEKO Zizur Txikiko San Fermin ikastolako eraikin berriko lanak hasi dira dagoeneko. Lehen harria hilaren 13an jarri zuten. 2000. urteko ekainerako amaiturik izango da Bigarren Hezkuntzako ikasleak bilduko dituen egoitza.
ERMITAGAÑA SAREANEUSKARAZ ikas ahal dezaten gelarik zabaltzen ez dieten Ermitagañako 16 haur ezagunen gurasoak euren salaketa Internetera zabaltzea erabaki dute. http://web.jet.es/modelod/ helbidearekin, web orri bat ipini dute horretarako. Bertan euren seme-alabei gertatutakoaren berri ematen da.