argia.eus
INPRIMATU
BUXETA POTOLOTZEN
2021eko uztailaren 19a
Udaberriko lehen loreñoak bezala, bizi berritu egin dira Irulegikoak kanpainaren bururatzean. 1981ean sortua, bere zabal eremuan indar handia lortu du Donibane Garaziko irratiak, astean 126 orenetara helduz. Siadecoren inkesta baten arabera 25.000 entzuletik goiti ditu. Nolanahi ere, irrati librea izanik, entzuleen sustengua behar du goiari eusteko, horri esker bi lanpostu eta erdi sortzen ahal baitira. Pantxika Maitia irratiko berriketariak azaltzen digunez,

«guk, entzuleengandik jasotzen dugu sos gehiena, kanpaina honetan gehi urtean zehar ematen dutenetik, ia % 60 orora
». Gainerako buxeta herriko etxe eta Estatutik datorkie, publizitatea egiten duten irrati eta telebistek zergen bidez ordaintzen dutenetik, alegia. Lehen, diru bilketa Garazi eta Baigorriko kantonamenduetan egiten bazuten ere, orain Hazparne, Iholdi eta Amikuzera hedatu dira, bost mila familiatara iritsiz. Maitiaren esanetan,

«Amikuzen, nahiz eta gu ahalegindu bertako berriak ematen, badute kazeta bat, irratiaren zeregina bertze manera batez ordezkatzen duena
». Jendeei, nahi edo ahal dutena ematearekin bat, zer nahi luketen aldatu edo erantsi galdetzen zaie. Horren haritik, Irulegiko entzulegoa baserri munduari lotua dela esan behar, adinekoa, euskara galtzen ari baita hemen.

«Zernahi gisaz, hemengo gazte bakanak erakartzeko musika modernoa emeki-emeki sartu dugu eta adinduak marmarrean hasi musika ozen hori ken dezaten
» gehitzen du Pantxikak.
Berriki, Akitaniako irrati libreen bilkuran ere izan dira Irulegikoak. Alde batetik, elkar ezagutzeko parada izan da. Bertzetik, Jospin finkatzen ari den araudi aldaketaren berri izan dute. Halaber, hizkuntza gutxituetan ari direnek dirulaguntzak jaso ahal izanen dituzte. Maitiaren irudiko, «

ez gaitezen horrekin tematu eta segi dezagun lanean hiru Euskal Irratien artean, egitura eta emankizunak elkarrekin sendotuz
»