Donostiako Teknologi Elkargia Miramongo poligonoan kokaturik dago. Nagusiek zentrua hiru hitzekin definitzen dute: natura, teknologia eta artea.
Teknologi Elkargi honek, gainerakoek bezala, hiru helburu ditu: industria eta teknologiaren arteko kooperazioa bultzatu, industria unibertsitateko ikerkuntzarekin lotu eta inobazioaren kultura eta teknologia hedatu. 1997an kokatu ziren lehen enpresak. Orain 21 enpresa eta 712 langile ditu. Bertan finkaturik dauden enpresek punta-puntako teknologiarekin zerikusi handia dute eta hauxe da, parke teknologiko honetan egon nahi duen enpresa batek bete behar duen ezinbesteko baldintza.
Telematika, elektrokimika, multimedia, informatika...
Donostiako Teknologi Elkargian dauden enpresen artean ditugu besteak beste, Ibermatica, Euskaltel, Telefonica, Aena eta Talltec Sensor enpresa suitzarra. Enpresa hauek jorratzen dituzten arloak batez ere, telematika, material aurreratuak, biologia molekularra, elektrokimika, informatika, telekomunikazioak, multimedia eta ingurugiroaren inguruan aritzen diren teknologiak dira. Telematikaren arloan, Espainiako azpiegiturarik aurreratuenak daude. Eraikin guztiak fibra optikoko sarearen bidez komunikaturik daude. Bertoko enpresek bete behar duten beste baldintza besteekiko eragina izatea da, hau da, elkarrekin proiektuak egitea.
Egun, Donostiako Teknologi Elkargian teknologiaren transferentziarekin zerikusirik duten ekintzak bultzatzen dituzte, hala nola, ikerketa zentru berrien sorkuntza, I+G proiektuen garapena, tesi doktoralak, masterrak eta dibulgazio jardunaldiak.
Aipatu ekintza hauen ondorioz I+G hiru zentru berri eratu dira Elkargian: Inbiomed, teknologia biomedikoa eta medikuntza molekularra ikertzen duen zentroa; Cidetec, elektrokimikaren arloa jorratzen duena eta Citma, ingurugiroko berrikuntza teknologikoa ikertzen duen zentroa.
Ikerkuntza eta aisialdia
Miramongo poligonoak 1.300.000 metro karratuko gainazalera badu ere, Donostiako Teknologi Elkargiak 100.000 baino ez ditu betetzen. Gainazalera honetan partzela urbanizatuak eta Elkargiak berak egindako eraikinak daude. Eraikin hauetan I+G motako enpresak kokatzen dira. Hala ere, ez dira enpresak dauden eraikin bakarrak. Teknologi Elkargiak eraikin zentral bat du, 250 pertsonentzako entzutegia, erakusketa aretoa, tamaina ezberdineko gelak, kafetegia eta jantokia dituena.
Gainerantzean, parkeak, kultur erakundeak, EITB eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitza eta poliklinika daude, besteak beste.
Enpresa bat parke teknologiakoan sartzen denentz, bertoko Elkargiko batzorde batek erabakitzen du arestian aipatu irizpideak kontuan hartuz. Elkargiaren gehiengoa, hau da, % 51, SPRIk dauda, % 20 Kutxak, % 25 Diputazioak eta gainontzekoa Udalak