Hori guztia gauzatu ahal izateko, Kursaalak 50.000 metro karratuko gainazalera dauka eta egiturarik deigarrienak kubo itxura duten bi aretoak dira. Handienak, 1.850 pertsonarentzako eta 300 metro karratu dituen Entzutegia du. Kultur agerpenetarako erabiliko da, hala nola, musika kontzertuak, opera, zinema eta baita biltzarrak ere, luze zabalera horiek beharrezkoak direnean. Bigarren kuboa 120 metro karratuko Batzar Aretoa da. 580 pertsonako batzarrak egin izango dira eta kultur ekitaldiak ere bai, esaterako, ganbara musika kontzertuak eta bakarlari saioak.
Bi areto hauez gain areto balioanitzak daude, konbentzio eta bilerak bezalako premiei erantzuteko. Bestalde, erakusketa artistikoetarako atonduta 1.000 metro karratu dituen Erakusketa Aretoa du Kursaalak.
Baina aipatu aretoak ez dira Jauregiaren eraikin bakarrak. Bertara hurbilduko diren pertsona ororen beharrak asetzeko, Kursaalak jantokia, kafetegia, oturuntza aretoa, dendak eta aparkalekuak ditu.
Kursaala errealitate bihurtzeko 9.000 milioi pezeta behar izan dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak 2.500 milioina pezeta jarri dute eta Eusko Jaurlaritzak, 1.500. Espainiako Kultura Ministerioak 1.000 milioi eman ditu eta Europako Batasunaren aportazioa 300 milioikoa izan da. Gainerakoa, aretoen alokairuen eta parkinen salmenten bidez lortuko da.
Kubo txikia ekainaren 2tik 4a bitartean teknologia berrien inguruan dabiltzan enpresek egingo duten kongresuak estreinatuko du. Bataio kulturala berriz, Astor Piazzola musikari argentinarraren omenez egingo den kontzertuak emango du. Inaugurazio ofiziala, kubo handia garaiz bukatzen baldin badute, abuztuan izango da. Egun horretan, estilo guztietako musika kontzertuak eskainiko dira eta kalean hiritar guztientzako jai erraldoia antolatuko dute.
50 kongresu urtero
Kursaaleko arduradunen helburu nagusietako bat enpresek kongresuak eta batzarrak egiteko Moneoren aretoak aukeratzea da. Horretarako, Convention Bureau, Kursaalaren sustapenaz arduratzen den elkartea, harremanetan izan da esportatzen duten enpresa gipuzkoar guztiekin, izan ere, hauek jende mugimendu handia baitute eta alditik aldira kongresuak egin behar izaten dituzte. Espainian ere mugitu dira eta dagoeneko 5.000 enpresetan Kursaala aurkeztu dute. Angel Alvarez Convention Bureauko nagusiaren hitzetan, orain arte Kursaalak harrera ona izan du.
Espainiatik kanpo ere izan dira eta Londresen, esaterako, kongresuak antolatzen dituen elkarte batekin akordioa egin dute.
Aurten dagoeneko, Kursaala inauguratzen denetik, hots, ekainetik urte bukaerararte sei kongresu antolatuko dira. Hala ere, Angel Alvarezek uste du urtearen bigarren erdialderako beste hamabi kongresu egingo direla. Convention Bureauren asmoa Kursaalean urtero 50 kongresu egitea da, guztira 50.000 pertsona inguru bilduko dituztenak.
Jazzaldia eta Zinemaldia Kursaalera
Orain arte Convention Bureau elkarteak abian jarri duen kanpaina enpresetara zuzendu da, baina hemendik aitzinera publikoari begiratuko dio, Kursaalak kulturalki zer eskaintzen duen jakin dezan.
Kursaalean aurten egingo diren ekitaldi kulturalen artean aipatzekoak dira Jazzaldia eta Zinemaldia. Bi ospakizun hauek aurten eszenatoki berria ezagutuko dute. Jazzaldiaren kontzertu eta ekintza ugari Moneoren eraikineko gune irekietan egingo dira.
Zinemaldiak ere Kursaalera salto egingo du. Kubo handiak sekzio ofiziala hartuko du eta txikiena Zabaltegiko egoitzetako bat izango da. Prentsaurreko guztiak Kursaalean egingo dira.
Kursaal, Batzar Jauregia eta Entzutegiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, helbideoetara jo dezakezu: Zurriola Pasealekua, zenbakirik gabe. 20002 Donostia. bureau@donostia.org