argia.eus
INPRIMATU
HIZKUNTZ KONTSEILUA
1999ko martxoaren 14a
HIZKUNTZ KONTSEILUA
IPARRALDERAKO Lurralde Eskemaren garapenak Hizkuntz Kontseiluaren eratzea eskatzen zuen eta Hautetsien Biltzarrak kontseilu hau EKEn (Euskal Kultur Erakundea) oinarrituta era dadila proposatu du. Proposamenak aldekoak eta kontrakoak izan ditu euskal kulturaren munduan. Euskal Haziak, eskola kristauetako gela elebidunak eta Jean Haritxelhar Euskaltzainburua alde agertu dira; EHE, AEK, Ikas Bi taldea eta beste zenbait, ostera, aurka. Azken hauen iritziz Hautetsien Biltzarraren proposamenak ez dio adarretatik heltzen euskararen zezenari eta plana minimalistatzat jotzen dute.

LAB: 3.000TIK GORA ORDEZKARI
LAB sindikatu abertzaleak emandako datuen arabera, hauteskunde sindikaletan 3.000 ordezkaritik gora lortu du, aurreko hauteskundeetako emaitzak gaindituz. Eskainitako datuen arabera, LABek gainditu du azken hauteskundeetan lortutako ordezkari kopurua eta jadanik EAEko hirugarren zentrala litzateke ELA eta CCOOren atzetik baina UGTren aurretik. Dena den, EAEko enpresen % 10ean oraindik ez dira egin hauteskundeak eta Nafarroan enpresen % 40 falta da eta, beraz, oraindik egon daitezke aldaketa txikiren batzuk.

EAJ-EA, MARTXOAN AKORDIOA
EUSKO Alkartasunak ez du eman hauteskunde zerrenda bateratuak osatzeko EAJrekin burutzen ari den negoziazioen oso irudi baikorra. Dena den, Inazio Oliveri Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak jakinarazi duenez, onerako zein txarrerako negoziazioak martxoaren erdialderako amaituta egongo dira.

ARALAR IZENDAPENAREN AUZIA
ARALARREN ekoiztutako zenbait produkturi begira, Gipuzkoako Diputazioak «Aralar Parke Naturala» izendapena erregistratu berri du Industri Jabegoan. Ekimena, ordea, ez da ondo hartu izan Nafarroako zenbait gune instituzionaletan eta, CDNren eskariz, Nafarroako Gobernua zer egin dezakeen aztertzen ari da. Yolanda Barcina Ingurugiro kontseilariaren esanetan «ez baita solidarioa Aralarko bi herenak Nafarroan egonda Gipuzkoako Diputazioak horrela jokatzea izendapen horrekin». Aralarko Gipuzkoako zatia jadanik parke naturala da eta Nafarroakoa orain ari da aztertzen bere zatiarekin berdina egitea. Liskarrerako baino akordiorako balio beharko luke amankomuna denak.

KONTZERTUAREN ETORKIZUNA
DAEWOO dela eta, Arabako Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari eman zion kokotekoa Europako Batzordeak. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Diputazioak enpresa inbertsioak mesedetzeko, indarrean jarritako arau fiskal bat atzera bota du Espainiako beste eremu batzuekiko diskriminatzailea dela argudiatuz. Gaiak, egungo marko juridikoan kokatuta, zuzenean eramaten gaitu Espainiako Konstituziora eta eztabaida zaharra berpizten du: nondik datoz eskubide historikoak eta nola ulertzen da beren izaera Espainiako Konstituzioaren barruan? Interpretazio juridikoak baino –horretan oinarritu baita EAEko Auzitegi Nagusia– Kontzertuaren inguruko akordio politikoen beharra bide dago bakoitza zer den eta non dagoen argi gera dadin.