Hiri Ordenazioko Plan Orokorra 1995eko azaroan onartu zen eta bertan zenbat etxebizitza berri egin behar ziren aurreikusten zen. Planak dituen fase ezberdinak kontuan hartuz, etxebizitza ugari eginak daude. Gaur egun, 1995 eta 1999 bitarteko faseari dagozkionak eraikitzen ari dira eta 1999tik 2002ra bitartean beste hainbeste aurreikusten ditu Plan Orokorrak. Guztira, 1992tik 2002ra arte 14.000 etxebizitza inguru egingo da.
Azken urteotan gehien hazi diren auzoak Antigua-Ondarreta, Aiete eta Intxaurrondo izan dira. Ondoko taulan auzo bakoitzean eraikitako etxebizitzen kopuruak eta bakoitzaren batez besteko dentsitateak agertzen dira.
Etxebizitzen % 40 babes ofizialekoa
Guztira, azken urteotan 5.800 etxebizitza inguru eraiki dira. Hedadurari dagokionez, auzorik zabalenak Miramon-Zorroaga, Aiete eta Altza dira: 2.600.000, 2.334.000 eta 2.300.000 metro karratu dituzte hurrenez hurren.
Auzo batetik bestera etxe kopuruak asko aldatzen dira. Esaterako, Ategorrieta-Ulian 35 etxebizitza berri egin dira eta Antigua-Ondarretan 1.909. Kopuruak beharren arabera banatzen saiatu dira.
Eraikitako etxebizitzen kopuru honetatik % 40 babes ofizialekoak dira. Hiri Ordenazioko Plan Orokorrak dirulaguntza publikoa jasotzen duten etxebizitzen kopurua eta non eraiki zehazten du. Intxaurrondon eraikitako guzti-guztia, hots, 734 etxebizitza, sektore publikoak bultzatu ditu. Loiola-Martutenen eraiki diren gehienak babes ofizialekoak dira baita ere. Bestalde, Antigua-Ondarretan, Aieten eta Egiako etxebizitza berrien herenak sektore publikoaren ekimena dira eta baita Ibaetan egindakoen erdiak ere.
Babes ofizialekoak ez diren etxebizitzak oso garestiak dira Donostian. Lurraren prezioa Espainiako garestienetakoa da eta aurretik Bartzelona bakarrik dauka. Gipuzkoako hiriburuan metro karratu batek 270.000 pezeta balio du.
Etxebizitza berriak mendebalderantz begira
Plan Orokorrak bestalde, 1995 eta 1999 urteen bitarterako, 1.200.000 metro karratu ingururen urbanizazioa aurreikusten du. Batzuk, dagoeneko, eginak daude eta beste asko prozesuan. Gune hauek ondokoak dira: Garbera, Ibaialde, Atotxa Erreka, Amasorrain Berri, Belartza, Tolare, Muitegi, Igeldoko Zabalpena, Miramon eta Ilunbe.
Hurrengo lau urtetarako, hau da, 1999tik 2003. urtera arte, 895.000 metro karratuko lur-azala urbanizagarri dago, Hiri Ordenazioko Plan Orokorraren arabera. Kopuru hau Lugaritz, Arbaizenea, Errondoko goiko partea, Pagoia, Ilarra, Mateo Gaina eta Iolako guneen artean banaturik dago.
Donostian etxebizitzen eraikuntzak beraz, martxa ona darama. Gero eta leku gutxiago dago eraikitzeko. Iparrera jotzea ezinezkoa da itsasoa eta Ulia eta Igeldo mendiak baitaude. Ekialdean, Trintxerpe eta Herrera beteta daude eta beraz, etorkizunean mendebalera jo beharko dute etxebizitzen ustiatzaileek. Aiete, Hernani eta Añorga inguruetara esate baterako