argia.eus
INPRIMATU
BAIONATIK EUROPARA
1999ko martxoaren 14a
Garai berrietara egokitua dator lehiaketa hau. Baionako Gure Irratia euskal gazteei begira egiten ari den lanaren adierazgarri. Ohituraz, aipatu irratiko entzuleak 45-55 urte ingurukoak izan dira. Egun ordea, ikastoletatik ateratzen ari diren gazteek nahikaria badute haria ez galtzeko; baita euskal musikaren bidez euskal mundua emeki-emeki ezagutu eta gau eskoletan euskalduntzen ari direnek ere. «

Azken bi belaunaldietan Iparraldean euskararen familia transmisioan hausdura bat egon da
» argitzen digu Agus Hernan zuzendariak. «

Orain berriz, euskaraz bizi nahi duen belaunaldi berria dator eta horren kariaz, gu gazteei begirako emankizunak hasi gara egiten arratseko 8etatik 10ak arte, gazteek egina
».
Ildo horretan kokatzen dugu ekimen berri hau, «Ikas» euskal pedagogi zentruaren aholkuaz. Halaxe, lehiaketan parte hartzen ahalko dute 16, 17 eta 18 urteko euskaldun gazteek, Ipar nahiz Hegoaldekoek, binaka bildurik. Oren erdiko irrati emanaldi bat egin beharko dute Euskal Herriko pertsonaia baten inguruan, izan dadin gaurkoa ala iragan denboretakoa: «

Baina ez nahitaez hilik dagoena, bizirik daudenen inguruan ere, hots, Mikel Laboa, Fermin Muguruza...
», zehazten du Agusek. Emankizuna kazeta forman grabatu beharko da, honekin batera gidoia agertuz. Bi irakasle eta irratilari batek osatuko dute epaimahaia. Lanen neurtzeko honako puntuak hartuko dituzte kontuan: hautatu gaiaren interes eta berezitasuna, euskararen kalitatea, erritmoa eta musikaren programaketa. Lanak apirilaren 15a aintzin aurkeztu beharko dira. Sarituen lanak irrati bidez hedatuko dira maiatz, ekain eta uztailean. Lehen hamar irabazleak bidaiez sarituak izanen dira, gainontzekoen artean beste hamar bidaia zozketatuz. Irabazleek «Intercars» konpainiak proposatu Europako 19 hiribururen artean aukeratu beharko dute. Xehetasunak: (0033) 559593001 telefonoan