argia.eus
INPRIMATU
ARGIÑANO & KONPAINIA
1999ko martxoaren 14a
Gosaldu gabe joan gara. Ideia txarra, iritsi ahala tripazorriak dantzan jarri baitzaizkigu txanpi usain gozoa nabaritzean. Ea geroxeago mokadu bat eskaintzen diguten. Aritzaga baserria landatik sobera handia bada, barruko epelean are galantagoa. Kanpoko euriaren gisan, barruan ere jendea gora eta behera dabil sukaldetik platora, azken ukituak ematen Argiñanoren grabaketari heltzeko. Gure harridurarako, saioa erdaraz izan arren, lantaldean euskara da nagusi. Saltsaren erdian, inoiz hazten ez zaion betiko bizar motza duela, telebistan bezain berritsu eta kilikari hartu gaitu Karlosek; bera ere hika:

«Hemen agertzen dituken jaki guztiak bene benetakoak dituk, grabazioa amaitu ondoren guk jaten dizkiagu eta hik ere dastatuko dituk
». Hala bedi! Goseak amorratzen gaude eta. Ez da harritzekoa beraz, lantalde erdia dietan egotea azanarioak jaten menu oparo hauen erruz.


LABEAREN MISTERIOA.

Halaxe, gaur hautatu menua xinplea da, nornahik egiteko modukoa: txanpinoiak, arrautzak tomatearekin eta arraigorria labean. Sukaldean gaudela, berehala konturatzen gara hemen amarrua dagoela. Hain zuzen, ez dago itxoin beharrik jakia labean egin arte; platerak aurretik prestatuak dituzte eta. Grabazioa hasten delarik, Karlosek bi saio jarraian egiten ditu, bere hitzjarioak eta 3.000 saiok ematen duten eskarmentuaz baliatuz, ardoei eskainitako tarte berria ahaztu gabe.


AUDIENTZIA BORBORKA.

Arrakasta ari da lortzen beste behin ere Argiñanoren igande eguerdiko saio hau. Ordu horretan liderrak dira %29 inguruko audientziarekin.

«Gure eguneroko lanean horrek ez du eraginik; gaizki joango balitz ordea, aise esango ligukete
» azaltzen digu Jone Miren Goenaga zuzendariak. Bestalde, Eva Argiñanok aurkezten duen «Cocina con fundamento» eguneroko saioa izanik, plangintza ezberdina du. Egunero aurkezle ezberdin batekin aritzen dira, alegia, goiz batean sei saio egiten dituzte Evarekin eta hurrengo goizean berriz, lau Rotetarekin, gehi Begoña Atutxaren azalpenak.


BRIKOMANIA "IZOZTUA".

Sukalde kontuak pil-pilean dauden bitartean, «Brikomania» saioa sutondotik gertu utzi dute, audientzia baxua ematen zuela argudiatuz. Azken boladan, landare eta abereen txokoa egiten zuten, baina ezta pizgarri horrekin ere. Eva Breton produkzio arduradunak penaturik dioenez:

«Hiru denboraldi hauetan ikuslego fidela izan dugu. Baina larunbat eguerdiko ordubietatik arratsaldeko zortzietara aldatu zutenetik, gureak egin zuen, ordu horretan askoz audientzia altuagoa eskatzen baita. Dena den, berriro jarriko ote duten itxaropena ez dugu galtzen
».


ARGENTINAKO EMAKUMEAK.

Hemen hilabete eman ondoren, hurrengo osorako Buenos Aires-era joaten dira Karlos eta Jone Miren, bertan egunero saioa baitute. Jadanik 600.era iritsi dira. Karlosi anekdotak purrustaka ateratzen zaizkio.

«Duela gutxi Pampan dagoen Macachi izeneko herrira joan eta hara zer sorpresa! Mundu guztiak izen euskaldunak zituen, kaleak ere beste hainbeste, eta herriko hotelak... Eusko Alkartasuna zuen izena
» Halaber, Argentinako emakumeen argaltzeko sistema bitxia kontatzen digu beasaindarrak:

«Ostegunean jateari utzi eta baraurik egoten dira larunbatean galtzak sartu ahal izateko. Eta bai, horixe! kabitzen zaizkiela
». Horren haritik, hemengo lantalde erdia ere dietan dagoela oroitaraztean, Argiñanok ez du zalantzarik:

«Hori mito bat duk, motel, sofa duk benetan potolotzen zigukena. Tori, jan ezak»