Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleek lo gehiago egiten dute, lehenago oheratzen dira eta jaiki ere Estatuko gainerako eskualdeetakoak baino lehenago jaikitzen dira. Lasaigarri gutxiago hartzen dituzte, eta telebista ikusteko edota ohean irakurtzeko zaletasun gehiago dute. Horiexek dira Pikolin enpresa ezagunak bere berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko lo-azturei buruz egindako inkestaren ondorioetako batzuk.
Astegunetan, EAEko biztanleek 7,8 ordu deskantsatzen dituzte, Estatuko batez bestekoa 7,4 ordukoa den bitartean. Jaiegunetan, berriz, zifrak 8,9 ordu eta 8,3 ordukoak dira, hurrenez hurren. Bizkaitar, gipuzkoar eta arabarrak bezain lotiak ia dira asturiarrak eta andaluziarrak, lanegunetan gutxien lo egiten dutenak katalanak eta errioxarrak diren bitartean.
EAEko biztanleak Espainiako gainerakoak baino lehenago oheratzen dira (euskaldunen artean % 14 oheratzen da gauerdiaren ondotik, Estatuko batez bestekoa % 29koa den bitartean) eta lehenago jaikitzen dira (% 56,2 goizeko zortziak baino lehen, batez besteko estatala % 47an dagoen bitartean). Siesta botatzen dutenak, noski, gutxiago dira. Puntu honi dagokionez, komunitate autonomoen arteko ranking-a Valentziak gidatzen du (eta bertan % 40 dira siesta-zaleak), eta EAE bederatzigarren lekuan dago. Euskal siestak, dena den, Estatukoak baino luzeagoak dira, 75 minutu irauten baitute, siesta estandarra, batez beste, 60 minutukoa den bitartean