argia.eus
INPRIMATU
Diskografia
1999ko martxoaren 07a
Kepa, Zabaleta eta Mutriku, 1988.
Trikitixa txapelketa istilutsu haietarako egindako melodien grabaketa. Trikitixaren hainbat molde apurtzen saiatu ziren lan berritzailean: «

Erromeriatan jotzen genituen vals eta horrelakoak ez genituen grabatu; fandango eta arin-arinak bakarrik, produktua mimatu nahi genuelako
». Disko honetan agertzen da Huriondo gaia, edozein trikitilariren errepertorioan egun klasikoa dena.

Triki Up, 1990.
Jazza eta trikitixa elkarri lotuak. Oskorri eta Infussion taldeetako kideen kolaborazioekin, arin-arinak, fandangoak eta baladak, jazz ikutuekin: «

aurreko erritmoei marrazki berriak erantsi genizkien. Erromerien mundutik kontzertuen mundurako saltoa izan zen, bidaia hasiera bat, nolabait
». Jon Sarasuarenak dira hiru kanten letrak, eta Xabier Amurizarena beste bat.

Trikitixa Zoom, 1991.
Aurrekoaren ildotik, baina soinua gehiago garatuz talde formazioarekin: «

talde-lana aurreratuagoa dago, Jazz-fussion estilotik gertuago
». Melodia hauekin Kepak eta bere jazz bandak Espainiako gazteentzako folk berri lehiaketako lehenengo saria eskuratu zuten.

Trans-Europe Diatonique, 1992.
John Kirkpatrick britainiar eta Riccardo Tesi italiar akordeoilariekin batera Belgikan grabatutako disko akustikoa: «

Nire instrumentuari aukera gehiago bilatzeko aukera eman zidan, bestelako instrumentuen laguntzarik gabe
». Formato txikiko hiruko talde honek bira europear handia egin zuen. Ikuspegi berriak ezagutuz zihoan Junkera.

Kalejira Al-Buk, 1994.
Sustraietara itzulera, baina ñabardura berriekin: «

entzuteko errazagoa, beharbada, folk-rockaren eremuan murgilduz
». Letradun abestiak nabarmentzen dira, hainbat kantariren ahotan: Mikel Laboa, Joseba Tapia, Natxo de Felipe...

Lau eskutara, 1995.
Julio Pereira gitarrajole portugaldarrarekin batera egindakoa. Disko hau ametsa zen Keparentzat: «

aspaldian miresten nuen Julio, eta nere buruari galdetzen nion: zer gertatuko litzateke elkarrekin zerbait eginez gero? Chieftains taldearekin jo genuenean elkar ezagutu eta proposatu egin nion
». Hamabost egunetan bi musikari handik grabatutako bitxia.

Leonen Orroak, 1996.
Alboka aztergai hartuz, ama-lurraren soinuetan sakondu nahi zuen: «

beti esan izan da albokak ez daukala errekurtso askorik. Hau ez da armonia asko dituen diskoa, baina perkusio indartsuak dauzka eta horrek soinu basati samarra ematen dio, magia handikoa
». Ibon Koteron albokariaz gain, musika berrietan jardun ohi duten kolaboratzaile ugari izan ziren: Tomas San Miguel, Javier Paixariño, Xose Manuel Budiño eta abar.

Bilbao 00:00h, 1998.
Junkeraren obra hamaika musikari ezberdinen topagune bilakatuta, salmenta arrakasta ekarri dion disko bikoitzean. Bilbotarrak munduan zehar egindako ezagupenen bilkura da: «

ez da kasualitatearen fruitu, esperientzia eta lan askorena baizik
». Kolaboratzaileen zerrenda amaiezina da. Lan arriskutsua eta emaitza paregabea