argia.eus
INPRIMATU
"Bonboi-kaxa anitza gara"
1999ko martxoaren 07a
Zeintzuk dira «Lourvier's Express» martxoan estrenatuko den saio berriaren ezaugarriak?
Ba, zenbait berrikuntzarekin gatoz. Hasteko saioa luzeagoa izango da, ordubetekoa. Gero, platoak tren geltoki itxuroso baten tankera hartuko du. Baina aldaketarik nabarmenena gonbidatuek ekarriko dute, saioari «show» kutsua emanez. Hautatu dugun gaiaren arabera etorriko dira, zinema, sukaldaritza, futbola baldin bada, epailearen ama etorriko litzateke. Baina gonbidatuekin ia beti ezustekoak gertatzen direnez, ez dago jakiterik nondik nora joko duen solasaldiak. Gainontzean, gure ohiko sketx eta mini serieak sartuko ditugu, pertsonaia berriak betikoekin tartekatuz; alegia, Antxoni & Ramon, Gorigoitiarrak, «Saber y Ganar» lehiaketa, eta abar.

Hain publiko zabalera iristeko, zein da zuen arrakastaren sekretua?
Nik uste taldean nork bere umorea dugula, eta tutti frutti horretatik datozkigu ideiak purrustaka. Ez gara trufazko bonboiak ematen ari, bonboi kaxa sorta anitza baizik. Horregatik zaila egiten da gure umorea sailkatzea. Baina ez dut uste arrakastaren edabea dugunik. Sekretu bakarra lana da; izerdi ederra bota dugu gaudenera iristeko, eta botako duguna!

Nola definituko zenuke bakoitzak duzuen umore ezberdin hori?
Hirurak idazten ari garela, agian nik estiloa absurdoena daukat, batez ere hirurontzako ateraldiak direnean. Javi berriz, oso zinezalea denez, eragin hori nabari zaio; eta Oskar aldakorragoa da, kamaleonikoagoa da.

Zu zeu, ze pertsonaia-mota antzeztuz sentitzen zara erosoen?
Ba, egia esanda ez daukat pertsonaia kuttunik. Akaso, neronek idazten ditudan pertsonaiekin sentitzen naiz erosoen, jantzia neurrira egitea bezalakoa baita; zerorrek eginez gero errazagoa da, bestela jantzia egokitzen ibili behar duzu enkorsetatua ez geratzeko.

Zer moduzko harrera ari da izaten «Lourvier's story» antzezlana?
Sarrerak herri guztietan agortzen ari dira; ikusi ondoren ordea, ez dakit ikusleei zer irudituko zaien. Baina gu pozik gabiltza, antzerkitik baikatoz. Haize freskoa ematen digu, anti-stress pilula da, ostera promozioak, grabazioak eta gidoiak idazten hasteko. Antzezlana nahasketa bat da, ezagutzen ez gaituen antzerkiko publikoarentzat eta antzerkian inoiz ikusi ez gaituztenentzat