argia.eus
INPRIMATU
ZURGINTZAKO EGURRAREN BABES BIOLOGIKOA
  • "Vac-Vac" prozesuaren bidez zurgintzako, ebanisteriako eta altzarietako piezak tratatzen dira. Tratamendu horretarako formulak fungizida, intsektizida, eta hidrofuga dira.
1999ko otsailaren 28a
Egurrak galera erraza du material askorekin alderatuz gero eta horregatik bere babesak garrantzi handia du.
Ebanisteria, zurgintza eta altzaritako egurra kalitatez tratatzeko formula aurkitzeko ikerketa egin du Hickson Konpainia Taldeak. Horren emaitza da "Vacsol W. R." soluzioa eta "Vac-Vac" prozesua.
Vacsol formularen bidez disolbente organiko batek egurra onddoengandik eta intsektuengandik babesten du. Era berean, material hidrofugoen nahasketa batek egurra iragazkaitza bihurtzen du. Hustuketa bikoitzaren bidezko tratamendua egiten da ("Vac-vac" sistema) eta honela egurrera sartzen den kantitatea neurtu eta kontrolatu daiteke zehaztasun handiz.
Ziklo honetan zurgintzako osagaiak (guztiz landuak) tratamendurako zilindroan kargatzen dira (autoklabea), hasierako hustuketa bat eginez. Segidan "Vacsol W. R."rekin betetzen da hasierako hustuketa mantenduz. Hustuketa modulatu egiten da egurrak soluzioaren jakineko kantitatea xurgatu arte. Horrela soluzioaren gehiegizko sartzea saihesten da. Soluzioa depositora itzularazten da eta hustuketa modulatuta mantentzen da. Azkenean, azken hustuketa egiten da modulazio garaian xurgatu ahal izan duen gehiegizko soluzio kantitatea ezabatzeko. Horrela, hustuketa egitea amaitzen denean eta autoklabetik ateratzen denean egurraren gaina lehorra egongo da eta erraz manipulatu ahal izango da.
Eraikuntza lanetarako aproposa izaten da "vacsolizazio" prozesutik iragan den egurra erabiltzea. "Vacsol-WR"k hiru ezaugarri ditu: fungizida, intsektizida eta hidrofuga