argia.eus
INPRIMATU
UMEA KOZKORTU EGIN ZAIGU
  • telebisten ipar orratza bilakatu dena. Izan ere, arrasatearren berri iturri izateaz gain, eredu bat finkatu du amateurrak treba daitezen. Sekretua? Irekitasuna eta langiro sanoa.
1999ko otsailaren 28a
Ospital zaharreko kapera zaharretik 1990eko otsailaren 13an hasi zen emititzen ATB. Lehen lantaldea Andoaingo Bideo Eskolan ikasketak egindako teknikari gazte talde batek eta «Arrasate Press»eko kazetariek osatu zuten. Haiekin batera, zenbait herritar, saioak aurkezten edo bestelako lanetan lagundu zutenak. Hasieran, astean hiru egunetan bakarrik emititzen bazuen ere, emeki-emeki programazioa zabalduz joan zen. Aurten 78 milioi pezetako aurrekontua duelarik, eguneroko emisio orduak hiru ordu t' erdira ugaldu dira, astean 23'5 ordu, iaz baino sei gehiago. Albistegiek garrantzi handia duten arren, denetariko gaiak jorratzen dira, hala nola: elkarrizketak, mahai inguruak, haurrak, lehiaketak, musika, bidaiak, kirolak, eta abar.


MAHAI AZPIAN MIKROA HELTZEN.

Hasierako eskarmentu faltak, noski, komeriak eragin zituen. Hona hemen aurkezleek kontaturiko hainbat pasadizo: Behin, Maider Egües bere albistegia zuzenean aurkezten ari zela, mikroa izorratu egin zitzaion. Beste erremediorik ez zegoela ikusirik, teknikari batek mahai azpian ezkutuan jarri behar izan zuen eskuko mikro batekin, oso postura lizun batean, gainera. Beste batean, hitzaldi bat grabatzera joan eta herriko erretorea den Jose Maria Astigarragari sarrera labur bat egin zezala eskatu ziotenean, ba, ezin laburruago egin zuen, 17 minutuz aritu baitzen isildu gabe. Bizkarreko minez kamerak baja hartu zuen. Halaber, inoiz gertatu izan da zuzeneko emanaldi baten erdian fokoak saltatu eta ilunpetan geratzea.


ETORKIZUNA KABLEZ DATOR.

Geroari begira hainbat erronka du ARKO-k (ATB eta Arrasate Press kudeatzen dituen enpresa), hala nola: bere tokia eta diru iturriak zabaldu eta finkatzea (erakundeen dirulaguntzak mantendu eta pribatuak gehituz), Deba Garaiko telebista bilakatzeko aukera aztertu, itunak sortu ETB eta Euskaltelekin, eta ahal den neurrian elkarlana bultzatzea euskarazko herri telebistekin. Azken kontu horri gagozkiola, aipa dezagun ATB ez dela «Euskarazko Herri Telebisten Federazioa»n sartu (Oarso, Xaloa eta Ttipi Ttapa telebistek berriki bultzatua). Jon Aldanondo ATB-ko arduradunak ostera, ez du gaizkiulerturik egoterik nahi.

«Federazioan ez sartzeak ez du esan nahi elkarlana indartu nahi ez dugunik. Kontrakoa, Oarso Telebistakoei adibidez, programa batzuk uzten dizkiegu. Baina bakoitza ama ezberdinen semeak gara, helburu eta euskalki desberdinak ditugulako, baita formatoa ere. Gure ustez, ETB-ri indarra egiteko, bakoitzak bere lan esparrua aurkitu behar du.»
Kable telebistaren etorrerak ordea, gauzak aldarazi egingo ditu, lehia itzela ekarriko baitu.

«Nahitaez kable telebista datorrenean denak autopista beretik joan beharko dugu. Orduan, elkarlana sendotuko delakoan nago.
»


HARROBI OPAROA.

ETB-n ezagun egin diren profesional franko ATB-n ikasitakoa da, esaterako, Anne Igartiburu, Anuska Lasa, Jon Andueza edo Maider Egües (ikusi argazkia). Jon Aldanondok garbi dauka zergatik,

«hemen profesional onak atera izanaren arrazoia oso xinplea da: hemen trebatzeko aukera ematen zaie. Ideia politen bat duen edonork atea zabalik dauka nahi duena proposatzeko. Amateurren ilusioa eta profesionalen eskarmentua uztartzen ditugu.
» Orain ere, hemendik gutxira saltoa eman dezaketen profesionalak ari dira ATB-n: «Mondrasport» egiten duen Itxaro Zubillaga (dagoeneko ETB-n) eta berriak ematen dituen Maider Osa gazteak