Garai berrietara egokituz, Herri Irratiak ere bere web gunea sortu du. Baina ez nolanahikoa, irratiari buruzko informazio zehatza biltzen baita bertan, hala nola: parrilla, emankizunen nondik norakoak, iragarkien emaitzak, katearen hedadura, etab. Hori ez ezik, eskuinaldean dagoen ikonoan ere, irratia zuzenean dioen horretan, Realaren iganderoko futbol partida zuzenean dago entzungai, denbora errealean. Halaxe, botoia sakatu eta aitaren batean audioa kargatu ondoren, Iñaki de Mujikaren erretransmisio bizia zuzenean entzuten hasiko gara, gauzak gaizki badoaz berak adina sufrituz.
REALAREKIN LIDERRAK
Kirolen alorrean beti aitzindari izan dugun Herri Irratia, oraingo honetan ere ezin gutxiago izan. «
IBD enpresa bat etorri zitzaigun zerbitzu hori eskaintzen eta pentsatzen jarri ginen eta... zergatik ez? esan genuen» argitzen digu Karmele Eraso Herri Irratiko gerenteak. «
Azken finean, Realaren partidua baita Herri Irratian entzule gehien biltzen dituen irrati emankizuna; Gipuzkoa mailan audientzia liderrak izaten gara ordu horretan».
KANPOAN DIREN ENTZULEEI ESKAINIA.
Atzerrian nonahi dauden ikasleak dira norgehiagokak entzutearren orrian sartzen direnak. Javier Azanza teknikariaren esanetan
«Ingalaterra, Eskozia edo Bruselan dauden ikasle dexentek posta elektronikoa bidali izan digute emanaldiak eskertuz. Gehienbat kanpoan daudenei begira egin dugun arren, hemengo futbolnautek ere maiz entzuten gaituzte». Halaber, aurtengo Donostiako danborrada eman dute. Honenbestez, hurrengo partidak gogoraraziko dizkizuegu: hilaren 28an Realak Coruñan Deporren kontra jokatuko duen partida izango da entzungai eta, martxoaren 7an berriz, Anoetan Villarreal mendean hartu beharko duena