argia.eus
INPRIMATU
KARBOHIDRATO GEHIAGO
  • arabera ordea, karbohidratoak gehituz eta gantzak murriztuz pisua gal daiteke.
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 19a
Europan egindako ikerketa batek frogatzen duenez, posible da (eta oso mesedegarria gainera) pisua galtzea karbohidratoen kontsumoa % 10 gehituz (alegia azukrea, patatak, arroza, pastak, lekaleak eta baita batzuentzat hain ospe txarra duen ogia bera ere gehituz), aldi berean gantzen kontsumoa proportzio beretsuan jaisten bada.
«Carmen» izeneko ikerketak (Europako herrialdetako jan-neurri nazionalen karbohidratoen proportzioa maneiatzen dute ikerketaren bidez) oso zalantzan jartzen du merkatuan hain ugariak diren mehetzeko produktuen eraginkortasuna, eta bide beretik baita argaltzeko hainbeste famatu diren jan neurri murriztaileak ere. Ikerketa Danimarka, Holanda, Alemania, Erresuma Batua eta Espainiako 400 boluntarioren laguntzarekin egin da, eta bere ondorio nagusia zera da: argaltzeko jan neurritik karbohidratoak kentzea hankasartze handia da. Aitzitik, gantzen kontsumoa (esnekiak, hestebeteak, haragi mota batzuk, frijituak eta saltsak) gutxitzeak, azukreena gehituz, pisua galtzea dakar. Kalorien kopurua aldatzen ibili gabe eta jasateko zailak diren jan neurrietara iritsi gabe, manten daiteke aipatu pisu egoera.
Adituen ustez, dieta ideala honako portzentaiek osatzen dute: % 30 gantzak, % 15 proteinak eta % 50-55 karbohidratoak. Espainian (eta Euskal Herrian) batez besteko gantzen kontsumoa % 38 da. Beraz, zertxobait jaistea komeniko litzaiguke, bestelako osagaiak proportzio egokian gehituz, kalorien kopurua osatzeraino