Landaketaz ari gara azkenaldi honetan. Sagardiak, basoak eta baratzak bisitatu ondoren lorategiari ere gainbegiratu bat eman beharko diogu.
Lorategia osatzerakoan kopetekoa erantzi eta betiko arrosa, hortentsia, gorosti eta aranondo japoniarraz gain milaka eta milaka landare badirenaz jabetu behar gara. Garraiorako eta estraperlorako sekula baino erraztasun handiagoak diren garai hauetan eskuera ditugu mundu osoko landare harrigarrienak eta hauen dotoretzeko lorategian jartzeko inoiz imajina ezin genitzakeen materialak, altzariak eta abar. Kopetekoa kendu, bai, eta hautsi ditzagun kokiltzera ohituagatik sorgortuta dauzkagun irudimenari jarritako hesiak. Irudimenarenak bezalaxe begitazioenak, hauek ere sormenerako ez dira txarrak eta.
Ingurura begiratu eta ikusten jakitea da lorategien diseinuan oinarrizkoa. Automobilen kubiertak, oliba eta olio poteak, ipotx bixiak, haur pixa-egineroak eta ikurriñaren margoko geranioz soilik osatutako balkoiaz gain ezer gutxi ikusten den lekuan ez da zaila lorategigintzan gaina hartzea.
Hurritz-haga eta zume-arbaz egindako itxitura antzeko batean ikusia dut pasa den udazkenean lorategi dotorea. Itxiturarekin bidezidor-itxurako batzuk egin eta gora eta behera han hazita zeuden gainkapeka kurkubita klase guztietako landareen panpanoak. Udazkenean hostajea ihartua, inorkin eder, azpi dotorea zen eta arba eta haga artean kolore eta forma arraroenetako kurkubitak zintzilik zebiltzan dilindan. Han ere kopetekoa erantzia zuen noizbait baten batek