argia.eus
INPRIMATU
ETXEKOTUAK
Joxemari Ostolaza 1999ko otsailaren 21
ETXEKOTUAK
Gerraoste hurbilean sortuak, gu, ez lur ez bapore, baserritar arrantzale habikumeak munduratu gintuzten. Eta lehen hegazkatzeak, hizkuntza arrotzeko eskolara joateko eginak izan genituen. Orduko uzkurdura hura kozkorretan atxikia egin ditugu geroztikakoak, hegaldiak barne. Eta erorialdi ugariko bidaian, ez dira gutxi izan euren habietan onartu eta lagundu gaituztenak. Eta eskerronekoa nahi dugu Lizarran garatzen ari garenean nahiko genituzke hegautsiak osatze bidean eman. Kurdoak. Beren naziotasuna inork ukatzen ez dien herriak, ez du deusetarako eskubiderik. Rosa Diez bezalako top politik emazteak esan berri du. Eta kurdoen ondasunak xautu eta kudeatzen duen bermeaz Turkiarekin ditugun harreman komertzialak ditu bere mezuaren oinarri. Langileei zuzendutako mezua hain zuzen. Entrepresariekin bat eginik. Bainan kurdoak, gu bezala berearen jabe egingo direnean, orduan ikusiko ditugu venycuentalo hauek ipurdiak galduz kurdohabietan barna komertzioa egin nahian. Bainan zanpatua oroikorra dela badakigunentzat hori ez da kezkagarria. Ongi etorri gurera, zuek, Kurdistango ordezkariak