argia.eus
INPRIMATU
ERTZAIN BERRIAK BERGARAN
1999ko otsailaren 21
Telesail berria Bergarako komisaldegian dago girotua. Halaxe, orain arte jorratu duten komedia zuritik aldenduz, genero zeharo ezberdinari ekingo diote Eneko eta Karlosek; gertakizun polizialak izango baitira telesailaren haria eta ardatza, kasu ezberdin bat aztergai atal bakoitzean. «Ertzainak»en komisaldegiko bizitza islatuko da polizia-serie gordina egiteko asmoz, umorezko ikutua ahaztu gabe baina. «

Estiloz zerbait ezberdina egin nahi dugu, situazio komediatik at, generoa landu nahi dugu; hain zuzen arrazoi politiko eta sozialak zirela medio, orain arte gure fikzioan Euskadi ideal bat islatu dugu»
argitzen digu Eneko Olasagasti zuzendari donostiarrak. «

Gizartean zegoen hainbat arazo saihesten ibili gara, autozentsura kolektiboa zegoen. Orain berriz, suetena delako edo, beste jarrera bat antzematen da».
Beraz, Ertzaintzaren irudia samurtu, humanizatu egingo da, beti ere konflikto eta ustelkeria kasuak ukituz. Baita indarkeriaren gaia ere; zergatik ez. Enekoren iritziz,

«duela urtebete ez zegoen lasaitasuna dute orain komisaldegietan, eta jendeak halako morboa dauka Ertzainak besteen ondoan nolakoak diren jakiteko
».
Era berean, bi pertsonaia nagusien offeko ahotsa ere entzungo dugu, ez elementu narratibo bezala, beren pentsamendua adierazteko baizik, umore zipristinak ere botatzeko. Hizkuntzaren tratamendua ere ezberdina izango da, zenbait euskalki erabiliko baitituzte pertsonaiek. Kaleko euskaratik gertu egon nahian edo, telesailaren kokaleku Bergara aukeratu dute, bizkaiera zein gipuzkoarra erabiltzen dutelako.
Telesaila «Tentazioak S.A.» ekoiztetxearen lehen emaitza izango da. Enpresa hau ikus-entzunezko eta antzezlan proiektuak bideratzeko asmoz sortu dute J. Perugorria aktore kubatar eta Tanttaka antzerki taldeko sozioekin batera.


ERTZAIN EZAGUNAK.

Paisanoz jantzita doan ikerketa taldekoak dira bi protagonistak: bat helduagoa, kalean urtetan ibilitakoa, Jose Ramon Soroiz, alegia, eta bestea berriz, ikastaroak egin dituena, lege zaleagoa: Joseba Apaolaza. Beste bik osatzen dute taldea: akademiatik atera berri den gaztea, Jose Kruz Gurrutxaga (antza, ile luzea eraman ahalko du) eta, taldetxo horren instruktorea, Mireia Gabilondo bergararra. Komisaldegiko burua, Aitor Mazo izango da. Gero, uniformedunak, txapelgorriak honako hauek dira: Maiken Beitia, Ramon Agirre, Martxelo Rubio eta Karlos Zabala bera (zuzendaria izan arren, aktore sena baitu). Zerbitzuko nagusia Kike Diaz de Rada eta telefonista aldiz, Idoia Sagarzazu. Itziar Lazkano epailea izango da eta forensea, Isidoro Fernandez. Kandido Urangak ere salatariarena egingo du. Bestalde, taberna ere bilgune garrantzitsua izango da, bertan Ane Aseginolaza tabernaria eta bere 20 urteko alaba, Maider Iabar. Iparragirre izeneko mozkorra ere agertuko da. Aldiro pertsonaia ezberdinek agerraldia egingo dute.
Zuzendaritzaz Eneko Olasagasti arduratuko da, Aitzpea Goenaga eta Fernando Bernues-en laguntzarekin. Gidoilarien kordinatzaile Patxo Telleria izango da eta gidoiak Teresa Calo, Juan Agirre (Lourvier`s entzat lan egiten duena) eta Edorta Jimenezek idatziko dituzte. Musika Iñaki Salvador maisuaren esku utzi dute. Argiztapena ere biziki zainduko dute. ETB-ko telesailen look opako hori baztertzeaz Xabier Lozano arduratuko da, itxura aberatsagoa lortzeko bidean.
Ordubeteko atalak bost egunetan grabatuko dituzte: bi Miramongo platoan komisaldegi eta tabernako eszenak egiten, eta beste hirurak Bergarako erdigunean. Martxoan dira hamairu atalak grabatzen hastekoak eta lehenengoa apirilaren 12ko aste horretan ikusgai izango dugu euskarazko katean