Nolatan animatu zinen irratitik telebistara dagoen saltoa ematera?
Ba, «Levando Anclas»ekin irratian nengoela, 1987an telebistatik erredaktore gisa aritzeko deitu ninduten «El Club de la Aventura» saioan, ETB-2 hasi berria. Gero, egun Los Angeles-en bizi den Iñaki Bizkarra eta bioi «Dr. Livingstone...» bururatu zitzaigun. Perun bizi den Jesus Lopez de Di Castillo aurkezleari kontratua bukatu eta ni neu hasi nintzen aurkezten. 1991tik 1994ra arte.
Ze balantze egiten duzu telebistan izandako esperientziaz?
Oso bizipen ona izan da, kazetari gisa nire betiko ametsa egia bihurtu delako, hau da, dokumentalak egitea. Dozena bat: Ginea Ekuatorial, Uganda, Benin, Antilletak eta abar. Hala ere, telebista oso absorbentea da, xurgatu egiten zaitu, besteen menpe zaude beti. Irratiak aldiz, askatasun handia ematen dizu. «Levando Anclas»en gonbidatuekin batera prestatzen dut emankizuna. Eta gero, publiko fidel horri irudimena landuarazten diozu, gainera. Ez dago gehiago eskatzerik.
Dena den, ezin uka telebistak irratiak baino oihartzun handiagoa duela, ezta?
Bai, jakina; irratiko mezua nolabait uhinetan galtzen den bitartean, telebistan zentzu gehiagoetatik sartzen zaio ikusleari. Atzo bertan, irratian gonbidatu izan nuen Haitiko gizon batek salatzen zuen Errepublika Dominikarrean zortzi urte eman dituela esklabu kotoi-plantazio batean. Kontu bera telebistan agertu izan balitz...
Telebistako programazioari so, zure ustez ba al dago zirrikiturik «Dr. Livingstone...» bezalako saio batentzat?
Ez dut uste. Milurte amaierako telebista txepela eta ganorabakoa iruditzen zait. 90. hamarkadaren hasieran berriz, gehiago arriskatzen zen kultur saioen alde. Baina pribatuak hasi bezain pronto gureak egin zuen. Reality show-ak lehenik eta programa arrosak orain. Ni behintzat saiatu naiz gauzak egiten. Esaterako, Asegarce-rekin 13 programa egin ditugu La2-en. Asegarcekoek Tele 5-en akordioa sinatzean ordea, La2-eri saio berriak egitea eskaini zioten; baina ez, ez omen zitzaien interesatzen. Gerora, bi urtetan bost aldiz errepikatu dute. Dexente desanimatu naiz, telebista korrontearen kontra aritzea bezalakoa baita