Uste dut Imanol Olaizolak hots egin zidala berria emateko. Kontua zen 1982.eko azaroaren seigarrenean, Joan Paulo II Aita Santua Loiolara etortzekoa zela eta Ramon Labaienek, hartara Kultur Sailburu, nahi zuela euskal moduan eta duintasun handiz ongi etorri ematea. Udalaren bitartez etorriko zitzaigun agindua, Donostiako Udaletxeko txistulariok eta Diputaziokoak, eta klarinak batzeko egun horretarako, baina jakinaren gainean jarri nahi ninduten. Neronek eraman beharko nuke zuzendaritza musikala, txistuen eta klarinen lana era kuriosoan atontzea alegia. Oso ondo zehaztuta egongo omen zen dena, seguridade arau handiak hartuko zituzten eta bi hilabete lehenago eman behar nituen jotzaile guztien argazkiak eta nortasun agirien fotokopiak. Gobernu Zibilaren bitartez partehartzaile guztien azterketa zen egitekoa eta, horren arauera, egun horretan Loiolara pasa ahal izateko txartelak prestatuko omen zizkiguten. Edo ukatuko.
Eskatutako dena garaiz egin nuen eta esandako eguna baino bi aste lehenago bidaliko zizkigutela txartelak. Hala ere, azkeneko astean oraindik ez zidaten txartelarik eman. Hots egin eta lasai egoteko. Bezperan oraindik txartelarik gabe. Kultur Ordezkaritzara joan eta han esan etxera bidaliko zizkidatela. Gaueko hamarrak iritsi eta inor ez zen gure etxera inguratu. Goizeko seietan irten behar genuen mikrobus batean eta dokumentazio egokirik gabe ez zigutela pasatzen utziko agindu ziguten. Gaueko hamar t`erdietan Imanol Olaizolari deitu nion telefonoz. Ez zekien zer gertatzen zen. Ez omen zen bere ardurapeko kontua. Mesedez ahal nuena egiteko eta hurrengo goizean Loiola aldera abiatzeko nola edo hala, ea pasatzea lortzen genuen.
HURRENGO goizean, seietan, txistulariok eta klarinak bildu gara Aldundiaren arkupeetan. Gurekin batera dator Gipuzkoako bandera eutsi behar duen
ordenantza –Legión-ean sarjentu ibilitakoa–. Mikrobusa –eskerrak guk antolatu genuen kontu hori– prest dago eta puntu-puntuan abiatu gara Loiola aldera. Arroan autopistatik atera eta berehala Goardia Zibilaren kontrol batekin topo:
-Ande van uté?
-Vamos a Loyola, a tocar en la ceremonia de recibimiento al Papa.
-Pacen uté.
Handik kilometro batzutara berriro Goardia Zibila. Galderantzun berberetsua eta aurrera. Aurrerago Ertzantzaren beste kontrola:
-A dónde van?
-Aita Santuari txistua jotzera. Gipuzkoako Aldundiaren izenean...e.a.
-Pues sigan- ez ulertzeko aurpegia ezarriz.
Ez naiz gogoratzen zehatz-mehatz zenbat kontrol pasa genituen. Baina pilotxo bat izan zen. Inork ez zigun, hala ere, ditxosozko txartelarik eskatu. Eta halako batean hantxe aurkitu ginen, mikrobus eta guztiz Loiolako Basilikaren aurrean. San Inazioren etxe aurrean dauden eskaileren ondo-ondoan aparkatu genuen mikrobusa (Orain aldatuta dago parte hori, baina garai hartan haraino iristen zen bidea). Jaitsi eta traste guztiekin (galazko jantziak, danborrak, tronpetak, txistuak...) berehala sartu gara etxean barrena arropaz aldatzeko leku egokiren bila. Hura paisanozko poliziaz beteta zegoen, baina inork ez zigun ezer esaten. Puska batean bila ibili eta gero, inork ezer esaten ez eta zuzendari bati dagokionez, neronek erabaki nuen: «
Hauxe da gela aproposa. Hemen aldatuko gara».
Ordu laurden bat edo han ginela (entseiu txiki bat ere egin genuen ordurako), taldeko gehienak kaltzontziloetan gaudelarik, atea bapatean zabaldu eta trajez jantzitako muturbeltz itsusia agertu zitzaigun garraisika:
-Qué hacen ustedes aquí? Atrás, atrás!- bi eskuez atzera joateko agintzen zigularik.
-Pareces el domador con los leones en el circo- gure taldeko batek esan zion.
Guztiz haserretu zen berehala polizia zela jakingo genuen hura. Istilua. Orduan konturatu ziren dokumentaziorik ez genuela eta ezinezkoa omen zen gu han geratzea.
-Bueno, pues nos marchamos- esan nion muturbeltzari.
Haserreago. Ezinezkoa ere alde egitea. Nor ginen justifikatu behar genuen. Gertatutako dena adierazi nion, baina ez zen gutaz fidatzen. Puska batean itxoin eta gero, han izateko eskubidea zuen jendearen zerrendak ekarri zizkioten eta atal batean
Txistulariak agertzen ziren. Baina ziurtasuna emango liokeen pertsona batek bermatu behar zuen gu ginela txistulariak. Beste guztiak gela hartan giltzapean utzi eta ni bidali ninduen (ordurako galazko jantziarekin) paisanozko polizia batekin horrelako autoridade baten bila. Lehendabizi Xabier Aizarna zena topatu nuen. Aldundiko Buru zen eta gurekin etortzea erregutu nion. Horrelaxe egin eta polizia garraisigileari ziurtatu zion txistulariak gu ginela. Konforme nonbait. Joan da Aizarna eta errenkan jarri gaituzte geure izenak esateko eta zerrendan daudenekin parekatzeko. Baina berriro nahasmena: batere izenik ez da pareko. Nola ulertu hori? Guk ez genekien kontu batengatik: bi txistulari talde zeuden egun horretarako. Gu, Aita Santuari ongi etorri emateko. Eta Azpeitiko txistulariak mezan pieza batzuk jotzeko. Zerrenda hartan bakarrik azpeitiarrak agertzen ziren