Erronka: Biltzarra mamiz betetzea


Udalak, hirietakoak barne, herritarrengandik hurbilen diren erakunde politikoak izaki, marko egokitzat jo izan dira, autogobernurako eskakizunak egiteko tenorean. Mezua zabaltzean, interferentzien arriskua gutxitzen omen da.
Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarrari egindako kritikak, nagusiki, egungo marko politikoaren kontrakoa salaketan arrazoitu dira, inoiz ere, kritika horien pausatzean gure iraganari erreparatu izan diote.
Ipar zein Hegoan, historikoki, udalek berebiziko protagonismoa izan dute lurraldetasunaren inguruko eskakizunen alorrean. Ipar Euskal Herrirako Departamentuaren eskaerarena, gaur egun bezalaxe 1790ean, udal ordezkariek bultzaturiko ekinbidea izan da.
Hegoalderako, 1917-1919 aroan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diputazioek Estatutuaren aldeko kanpaina bultzatu zuten, Nafarroako Diputazioaren agintariak prozesu horretatik automarginatu ziren. Egoera horren aurrean, Estatutuaren eskakizuna, Nafarroan, udalen eskutik etorri zen, Iruñeko Udaleko Alianza Foral izeneko taldean biltzen ziren zinegotzi karlista eta nazionalistak ditugu mugimendu honen aitzindariak.
Espainiako II. Errepublika izan zen Autonomia Estatuturako hurrengo eskenatokia. Honetan ere, udalak dira prozesuaren eragileak. Seguraski, garai historiko hori izan da, gure historiografiak zabaltasun handiagoz ikertu duena.
Gure iragan hurbilari erreparatuz gero, Udalaren Mugimendua –Bergara-Etxarri-Aranatz ardatza zuena– frankismoaren ondorengo urteetan mamitu zen Estatutuaren aitzindaria dugu. Udalek bultzaturiko prozesua ondorengo marko autonomikoa berriarekin bat ote zetorren, bestelako eztabaida dugu.
Egun, Erkidegoan, Estatutua gainditurik dagoen diskurtsoa aski zabaldurik den honetan, Nafarroako alderdi nagusiek, dohai guztiez hornituriko ama gisa agertzen digute 1982ko Foru Hobeagotzea.
Lizarra-Garazi akordioa izan da Biltzar berriari atea ireki diona. Beraz, kasu honetan, alderdi politikoak izan dira ekinbide horren eragileak. Alderdi jakin batzuk erdietsi duten adostasunaren ondorioa da egun abiatu den Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarra. Prozesu honetan, Udalak, orain arte, protagonista baino, bitarteko izan dira.
Ipar Euskal Herrian –autonomia maila arras ezberdina izanda ere– Euskal Departamentuaren eskakizuna mamiz bete izanak arrakasta ekarri dio oraingo mugimenduari.
Aspaldi goratu ziren Euskal Herriak zuen hezurmamitze falta gaztigatzen zuten ahotsak. Bada, Biltzar berriak badu zer ikasirik Euskal Herria osora zabaltzen diren erakundeen esperientzietatik bereziki, Ipar zein Hegoaldean, egungo markoek utz ditzaketen zirrikituak probestu nahi badira.
Estrategia kontua da, eta, hagi denez, bide ezberdinak ibiliz, denok baliatzen ditugu egungo markoak, horiek gainditzeko bada ere. Beraz, eta estrategiari dagokionez, egungo markoak gainditzeko bidean erabiltzen diren tresnak finkatzea helburuetako bat izan daiteke.
II. Errepublikaren atarian, 1929ko martxoaren lehenean, Nafarroako Mendialdeko udal ordezkariek bilkura berezia egin zuten Arakilgo Irurtzunen. Nafarroako Diputazioak eman debekua bilkuraren arrazoia. Mendietako auzalorren orbela hartzeko debekua, hain zuzen ere. Orbelak batu zituen Nafarroako Mendialdeko udal ordezkariak. Herri horien ekonomiarako funtsezkoa zena elkarretaratzearen arrazoia. Ondorengo urteetan gai zehatz baten inguruan egindako bilkura horrek bestelako fruituak ekarri zituen, zoritxarrez, behar bezalaxe ondu ez ziren fruituak.
Egun, Udal Ordezkarien Biltzarra mamiz betetzea da erronka


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude