argia.eus
INPRIMATU
Musika Irakasle Euskaldunon I. Topaketa
1999ko otsailaren 07a
Urtarrilaren 22an, Donostiako Magisteritza Eskolako areto nagusian Musiko Irakasle Euskaldunon I. Topaketa burutu zen. Ikastaro, master, edo kongreso hitzak entzuten hain ohituta egonda, zaila egiten da batzuetan topaketa hitzaren esanahiaren xehea ulertzea. Kasu honetan, akademizismotik at dauden musika irakaskuntzako profesional gutxi batzuk, gainontzeko profesional euskaldunei egindako deialdia izan zen. Hori bai, berezitasun batekin: lehenengo aldiz lurraldetasunak eta euskarak berak merezi duten garrantzia kontuan hartu zen.
Talde eraginkorraren helburuak zehatzak ziren, hala nola:
1. Hezkuntza orokorrean diharduten musika irakasle euskaldunon arteko ezagutza pertsonala eta profesionala bultzatzea.
2. Eguneroko lanaren aurrean egoera profesionalaren azterketa amankomuna egitea, egoera diagnostikatzea eta, atalez atal, elkarlan profesionala eta elkarlaguntza areagotzea.
3. Pedagogia musikalean ari diren irakasle euskaldunek, sektore profesionala direnez, komunikazio eta teknika arazo profesionalei aurre egiteko bere burua erakundetzeko lehen urratsak ematea.
4. Euskal Herri osoan eragina izango duen, bertan egokitutako eta musika irakaskuntzan bere egingo duten gutxienekoen curriculuma jorratuko duten lan taldeak martxan jartzea.

EUSKAL
lurralde guztietako hainbat musika irakasle urtebete eta erdiz jardun dute lanean topaketa hau antolatzeko. Horretarako Donostiako Kontserbatorioa, Euskal Kantuzaleen Elkartea eta Udako Euskal Unibertsitatearen laguntza, nahiz Partaide, Ikasbatuaz, Hik Hasi aldizkaria eta Oiartzungo Udalaren laguntza izan dute.
Partaidetzaren kopurua asmatu ezinik, itsu-itsuan egindako apustua oso baikorra gertatu zen, hain zuzen ere Euskal Herri guztitik etorritako musika irakasle, Irakasle Eskoletan dabiltzan bai irakasle bai ikasle, Aholkularitza Pedagogikoetan lan egiten duten irakasle eta gaiarekin interesaturik dauden beste profesional batzuren artean ehun eta hogeita bost bat nominalak eta beste berrogei bat bisitari elkartu ziren.
Guztiz trinkoa izan zen jarduera honetan ia denetarako aukera izan zen, esate baterako, Iparraldeko lankideen errealitate profesionala ezagutzeko (formakuntza, lan era...); elkarren berri eduki gabe aurrera eramaten ari diren lan eta proiektuak, eta aurrerantzean egiteko dauden asmo batzuk ere ezagutzera eman ziren honako solaskide hauen hitzaldien bidez: Denise Olhagarai, Pantxika Solorzano, Manolo Ezpelet, Mixel Etxekopar, Mikel Legorburu, Itziar Irigoien, Larraitz Burgaleta eta Jose Ignazio Lopez de Luzuriaga.
Momentu hunkigarriak ere izan ziren, Imanol Urbietari bere lana, laguntza eta lankidetza eskertzeko egin zitzaion omenaldian. Bertan, sentimentuz beteta zeuden bertsoak bota zizkion Mixel Etxekoparek eta, ondoren Topaketan parte hartu zuten erakunde guztien ordezkariek, aretoa betetzen zuten lagun guztiekin batera, oparitu zitzaion eskulturaren oinarrian azaltzen zen bertsoa kantatu zioten.

ARRATSALDEAN
lan egiteko tenorea iritsi zen. Galdeketa baten bidez, eta momentuan osatutako lan taldetan, gai konkretu batzuren inguruan eztabaidari ekin zitzaion. Eztabaida honetatik ateratako ondorioak aurki argitaratuak izango dira eta aurrerantzean egin beharreko lanetan abiapuntu bezala erabiliko dira. Lan hauei aurre egiteko egin zen eskaerak ere erantzun ezin hobea jaso zuen, berrogeita hamabost eskeintza jaso baitziren zenbait batzordetan murgiltzeko.
Osaturik gelditu ziren batzordeen betebeharrak honako hauek izango dira:
1. Argitaratuak nahiz argitaratu gabe dauden material didaktikoak bildu, sailkatu eta egokiak gertatzen baldin badira argitaratzen laguntzea.
2. Hiztegigintza alorrean, lurralde guztietan erabilgarria izango den hiztegi tekniko musikala sortzea.
3. Lurralde bakoitzeko berezko kultura kontuan harturik, Euskal Herri osoan erabilgarria izango den gutxienekoen curriculuma diseinatzea.
4. Euskal herrietako antzinako ohiturak ikertuz, egokituz eta gaurkoratuz berplazaratzea.
5. Elkarren arteko komunikazioa areagotzeko berripaper bat sortzea eta kaleratzea.
Egunaren azken orduan, bertan zeuden guztiak musikazale sutsu izanik, modurik atseginenean bukaera eman zitzaion ekitaldiari. Hau da, kantatzen. Topaketaren Batzorde Eraginkorrak Araban duen ordezkaria den Arrate Saenz de Urturiren gitarra eta ahotsaren zuzendaritzaz, bertan zeuden guztiak baliatu ziren agurrik egokiena emateko Lehenengo Topaketa honi, beti ere Bigarrengoan berriz topatzeko itxaropenarekin.
Musika Irakasle Euskaldunon I. Topaketaren aktak eta ondorioak Hik-Hasi aldizkariak argitalpen monografiko batean azalduko ditu. Espero dezagun material hau guztia Euskal Herri osoan eragina izango lukeen gutxienekoen curriculuma eratzeko oinarria izatea