argia.eus
INPRIMATU
Made in Spanish
Elixabete Garmendia 1999ko otsailaren 07a
Espainiako zinea garai aberatsa ari da bizi izaten. Goya sarien bedeinkazio beharrik ez zegoen Truebaren «La niña de tus ojos»-etaz gozatzeko, samurtasunari uko egin gabe farre algarak sakon botatzeko, jo eta pasa egindako garaiak aitzakia. Martxa honetan, gainera, ez zaie –zaigu– gairik falta izango. Begiratu bestela zer nolako histrionismoz bizi duten politikagintza batzuek azkenaldian.

NIK
neuk, zin dagizuet, gutxitan bezala farre egin dut Teleberriko albiste batekin. Bideoak ez zuen minutua baino askoz gehiago iraungo. Plano fijo bat, Donostiako Udaletxeko gela dotore horietako batean. Prentsaurrekorako mahaia aurrean dutela eserita, bi mutil gazte. Atzean, poker aurpegiari hozta hozta eutsiz, Iñaki Barriola, EA-ko zinegotzia. Bere ondoan beste mutil bat, mahaikoak baino zaharxeagoa itxuraz, eta haserrea izkutatu ezinik hau. HB-ko zinegotzia izan behar zuen.
Arreta, koadroaren ezkerraldean dagoen emakume melena horidun batek biltzen du. Izan ere, hura baita jardunean etengabe. Hasten dira Gazte Ekimenekoak zerbait irakurtzen, eta bai zera, andrea ez dela isilduko. Ea zinegotziak diren, ea zer esan behar duten... Mahaikoak eta inguruan duten bat edo beste saiatzen dira emakumea isilarazten. Alferrik. Erantzuten diote hitzerdika, hurrena ohartzen dira ez duela horrek merezi, ekiten diote berriro beren agiria irakurtzeari...
Prentsaurrekorako mahaian eseria zegoena emakume melena horiduna balitz, eta hitzegitea eragozten ziotenak etiketaz jantzita ez zihoazen gazteak, ez lidake batere farregurerik emango. Gidoi ezagunegia litzateke. Baina kontua alderantziz izate horrek, errebentatzaile papera melena horidun emakumeak hartzeak, horretxek eragiten du farregurea. M. Jose Usandizaga Almodovarrek edo Truebak fitxatzeko zorian jarri da.

EZ
dakit zertan bukatu zuen kontuak, bakar bakarrik dakit Gazte Ekimenekoek prentsaurreko horretan aurkeztu zuten presoen aldeko manifa burutu zela handik egun parera. Usandizaga Ordoñezen urteurreneko ekitaldian ikusi nuen hurrena, jefeetatik hurbil. Ez dakit Odonek monjetako koadernoak errepasatzea eskatuko zion edo politesse ikastaldi azeleraturen batera bidaltzeko asmoa izango duen. Berandu baino lehen, erreziklatu beharko luke. Oraingoan gaztetxoak zirelako parean zeukanak, baina zer egin behar du Udalerrien Biltzarreko bizarzuri eta burusoilak jartzen zaizkionean parean? Ausartuko al da galdetzen ea noren izenean datozen, zeinen ordezkariak diren?
Izan ere, bat bere onetik ateratzen denean halakoak gerta litezke, eta urduritasuna libre dabil gero azkenaldian Lizarra-Garaziz kanpoko klase politikoan eta enparauetan.

«EAJ-KO
700 udalgizonek Euskadiren askatasun nazionala proponitzen dute». «El País»en izenburu nagusia urtarrilaren 24an. Neguko Jauregia hartzera doazela kontatu behar izan balu, hortxe hortxe. Gauza patxadaz aztertuta, tira, ez dute gezur handirik esan, ez. Baina adibide argiak jartzea bezalakorik ez dago zerbait ulertu eta ikasteko eta «eraso mediatikoa» bezalako hitz parearekin hori gertatu zaigu, luza gabe ikasi dugula horrek zer esan nahi duen, adibideak arrapaladan datozelako. Otsailaren 7rako, hau da, Udalerrien Biltzarra zertuko den biharamonerako, ea ze izenburu prestatzen duen ia milioi erdi ale zabaltzen omen dituen egunkari horrek.

ASKOZ
apalago etorriko da «Gara», uztailean indarrez itxitako burnizko pertsianaren atzetik. Neskato pertxentaren irudia aukeratu dute jendeari badatorrela gogorarazteko. Marketing hutsa baino haratago, garai berriei dagokien ertzak limaturiko egunkari zentzuzkoa espero dugu. «Made in Spanish»en ezinegonari umorearen buelta ere hartzen jakingo dion egunerokoa