Iparraldean bertan sorturiko bi banku baino ez daude. Banku bi hauek BAMI (Banque Michel Inchauspe) eta Banque Inchauspe izena daramate. Gaur egun bi banketxe ezberdin badira ere, bere jatorrian banku bakarra izan zen. Jean-León Inchauspek sortu zuen bankua Donibane-Garazin joan den mendearen bigarren erdialdean. Bere kudeakuntza Nafarroa osora hedatzen zen, Aturritik Ebroraino.
J.L. Inchauspek mende honen hastapenean Ipar Ameriketara izaniko emigrazioarekin batera bide egin zuen, eta Kaliforniako Baskersfielden agentzia bat ireki ere. Frantziako Estatuan hedatua zen lehenago alabaina, Bordelen finkatu zen lehenik eta hainbat hiri inportantetan beranduago, Paris hiriburua barne.
Jean-León Inchausperen (1853-1924) ondorengoak Jean eta Louis semeak izan ziren. I. Mundu Gerraren ostean, beraiek hartu zuten bankuaren kudeakuntza. 1942an, Frantziako Banku Nazionalak ezarritako legeen arabera kudeatzen zuten Banque Veuve Léon Incahuspe et Compagnie izeneko bankua bi anaiek. 1960an Louis Inchauspe zendu zen, eta Jean erretretara pasa. Haien ondorengoak ditugu hain zuzen ere, gaur egungo BAMIren nagusia Michel Inchauspe eta Banque Inchauspe izenekoaren nagusia León Inchauspe. 1970 urtean bi anaiek bereiztea erabaki zuten, Inchauspe izeneko banku bakarra bitan bananduz: BAMI eta Banque Inchauspe.
Leonek Banque Inchauspe et Compagnie izenean zegoen partea hartu zuen, eta Michelek, berriz, Banque Auxiliare delakoa. Michel Inchauspe bankari eta politikoaren esanetan, egungo BAMI delakoa agentzia bakar batekin eta 10 milioi liberarekin abiatu zen. Aurten, BAMIk 800 milioi liberako (123 milioi euro) gordailu bat erabili du, 100 bat langile enplegatzen dituelarik.
Banku hauen historia berria ezagutu aldera egindako peskizen ondorioz, baieztapen bat egin dezakegu. León Inchauspek ez du bere bankuaren gestio eta balantze ekonomikoari buruzko inolako informazioa zabaltzen hedabidetara. Berarekin pertsonalki hitz egitea eskatu badugu ere, ez digu erantzun nahi izan. Michel Inchausperen bankuaren historia eta bere kontuak aitzitik, nonahi eta noiznahi agertzen dira prentsara.
1971tik, Donapaleu, Maule, Hazparne, Paue eta Miarritzen zabaldu zituen agentzia berriak, eta berrikiago, 1982 eta 1983an, Oloron eta Lourdesen. Bankua bitan banandu ostean, BAMIk bat egin zuen Banque Auxiliare d` Escompte et de Créditekin. Bien artean sorturiko hamar agentzia Banque Vernes et Commerciale de Paris delakora pasa ziren 1977an. Banque Vernes hartara sartu zen BAMIren kapitalean. 1982an, Banque Vernes nazionalizatua izan zen eta Indosuez taldean sartu. Azkenik, Banque Vernes delakoa Italiako Banque San Paolo di Torino banku handiari saldua izan zelarik.
1988tik, Inchauspetarren laugarren belaunaldiak kudeatzen du bankua. Michel Inchauspe diputatuaren Louis eta Jean Paul semeak dira BAMIren etorkizuneko nagusiak. Michel Inchausperen esanetan, euroren etorrerak ez dio BAMIri inolako buruhausterik sorraraziko. Bere ingurukoek diotenez, semeengan duen konfiantza itzela da