Espainiako populazioaren % 53k egokia baino gehiago pisatzen du, obesitatearen inguruko Espainiako inkestak dioenez. Jendeak obesitateari buruzko ezagutza maila egokia du eta horrela inkestatuetako erdiak-edo obesitatea gaitz bezala hartzen du, % 13k arazo estetikotzat soilik, eta beste % 25aren ustez, bi eratara har daiteke obesitatea.
Euskal Herrira etorriz, berriz, eta EAEko osasun-inkestak emandako datuen arabera, 18 urtetik gorako euskaldunen % 10 obesotzat har daiteke. Inkesta horretan ikusten da pisu gehiegikeria duten pertsonen kopurua % 1,5 igo dela azken bost urteotan. 1992. urtean 45 urtetik 65era bitarteko gizon euskaldunen % 11 ziren gehiegizko pisua zutenak, emakumeetan zifra hori % 13,5ekoa zen bitartean. Baina 64 urtetik aurrera joera alderantzizkoa zen. 1997. urtean zifra % 17raino igo zen gizonezkoen artean, emakumetan batere aldatu gabe jarraitzen zuen bitartean.
Aditu guztiek diotenez, jendeak ere ondotxo daki bihotzeko hainbat gaitz, kolesterol tasa altuak, hipertentsioa edo diabetea pisu gehiegikeriaren hurbileko lagunak direla. Bestalde, inkestatuen % 38k uste du sabelaren inguruan pilatzen den obesitateak arrisku kardiobaskularrak edukitzeko faktore handiagoa duela, aldaka eta izterretara mugatzen denak baino, azken egoera hori gehiago jotzen baita arazo estetiko bezala. Azkenik, aipatu emakume gizenak gizonezko gizenak baino okerrago ikusiak daudela (inkestatuen % 70aren arabera) eta obesitateak diskriminazioa dakarrela lanean, emakumeentzat batez ere