argia.eus
INPRIMATU
INKONTINENTZIA ETA SEXU HARREMANAK
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Inkontinentziak (edo pixari eutsi ezinak), muga handia suposatzeaz gain, sexu harremanetarako traba ikaragarriak sor ditzake. Gaur egun sexu kontuak garai batean baino askoz ere naturaltasun gehiagoz tratatzen diren arren, gernu-inkontinentziak, maskuriaren kontrolak eta horrek ekar dezakeen guztiak tabu izaten jarraitzen du.
Maskuriaren kontrolak hasieran uste izan dezakeguna baino garrantzi handiagoa dauka sexu harremanetan. Antsietateak, lotsak eta ohea bustitzeko beldurrak kastitatera (nahi ez duten kastitatera, ordea) daramatza pertsona ugari. Eta egoera hori adin guztietako pertsona helduen artean gerta daiteke. Gaur egun 200 milioi pertsonatik gora dira mundu osoan maskuri hiperaktiboaren arazoa jasaten dutenak: horietatik 50 milioi herrialde industrializatuetan bizi dira eta 2,2 milioi pertsona inguru Espainian. Eta beste azterketa batzuen arabera, sexualki aktiboak diren eta maskuria kontrolatzeko arazoak dituzten emakumeen erdiak, afektatuta daukate beren bizitza sexuala.
Sexu harremanetan maskuria kontrolatu ezinak ekar ditzakeen arazoak era askotakoak dira: pertsona batzuek pixa egiten dute penetrazio sexuala bitartean, beste batzuei gernuak orgasmoarekin batera ihes egingo die, edota dispositibo bereziak edo baita pix-oihalak edo konpresak ere eraman behar izateak traba handia suposa dezake sexu harremanak edukitzeko orduan. Arazoa are larriagoa da, lotsagatik paziente asko medikuarengana joan ere egiten ez direlako. Emakumeek, adibidez, lau urte baino gehiago eman ditzakete asistentzia edo laguntza medikoa eskatu aurretik