DOLAR USAINEKO ARTELAN PREZIATUAK

  • Negozio bilakatu zela zalantza izpirik ez zuten utzi 80ko hamarkadaren amaiera eta 90ekoaren hasierako enkanteek: gosea pasatako artisten lanak milioika dolarretan saldu ziren.

1999ko urtarrilaren 31n
Esaten omen da artearen mundua ekonomiarekin lotuta dagoela. Indikadore gisa erabiltzen dute batzuk. Arte-merkatua eztulka hasten dela, ekonomiaren egoera okerrera joan baino urte eskas lehentxoago. Horrelakoen aurrean, bizitzarako hain garrantzitsuak ez diren arloak, luxuzko kontsumoa edo artea, kolokan gelditzen dira.
Hala gertatu da hamarkada honen hasieran. Irak-en aurkako gerrak markatu zuen mundu mailako krisi ekonomikoaren hasiera. Krisi honen ondorio ekonomikoak japoniarrek euren arte inbertsio eta espekulaziotan jaso zuten izugarrizko zaplastekoarekin lotzen dira. Nork ez ditu gogoratuko Monet, Manet, Van Gogh, Renoir eta beste artista ospetsuen lanekin ordaindutako zifrak? Artelan horiek Europara itzuli dira dagoeneko, ordaindutako prezioaren erdian. Bigarren mailako hamaika artelan aldiz, Japonian gelditu da, almazenetan pilaturik. Arterako senik gabeko espekulatzaileari, balio-galera eskarmentu.
Asiako krisia lehertu baino lehen ere antzerakoak ikusi dira. Enkante etxeetan Bordeleko ardoaren prezioak gora bultzatzen zituzten korear, txinar eta enparauak merkatutik desagertu dira une batetik bestera. Ardoa osasunerako ona zela eta, Coca-Colarekin nahasten zuten horietako aberats berri batzuk.
Arte-merkatuaren egoeraz iritzi boluntarista eta interesatuak entzungo dira batik bat. Gauza garbirik ez dago eta nahiz eta galeriek edota enkante etxe handiek merkatuaren sendotasunaz gauza ugari esan, egoera orokorrak makal samar jarraitzen du hamarkada honetan. Arte-merkatua indikadoretzat hartuta esan al daiteke ekonomia ez dela oraindik osatu edo ikusitako gorakadak haize beroaren itxurakoak izan direla? Ez da erraza asmatzea.
Europari dagokionean garbi dagoena zera da: arte-merkatuak azken urte honetan izan duen gorakada ez dela mekanikoki ekonomiaren egoerarekin nahastu behar. Euroaren eraginez, diru beltz kopuru izugarrien aurrean dago arte-merkatua eta biziko dituen egoerak ez dira derrigorrez ekonomiaren ispilu.


Arteak zenbat balio du?

Arte merkatari eta galeristek nahiago dute beraien artelanetaz hitz egin prezioetaz baino. Ez da batere harritzekoa, prezioen eraketa korapilotsuari begiratzen bazaio.
Edozein koadro, eskultura edo marrazkiren prezioa asmatzekotan, eskaintza-eskarien arauak agintzen du arte-merkatuan. Baina merkatuaren mekanika estalian gelditzen da, ez baita erraza asmatzea artearen tira noiz, zergatik eta zein artelanetan gauzatuko den. Aspektu partzialak dira, beti ere, artista konkretu, garai edo eskaintzaren arlo baten prezio eraketa (nolabait) argitzen dutenak.
Txillida garestituko dela aurreikus daitekeen gauza da. Bere lanen eskaintza mugatua da eta aspaldi atxikitzen dira artista horren lanak. Gaineratu behar da azken aldian antolatu diren artistari buruzko erakusketa ugariek eskaria izugarri puztu dutela, bai hemen, bai atzerrian. Europan ere prezio sendoak ordaintzen dira Txillidaren grabatuengatik, beste materialeko lanengatik zer esanik ez. Deus ere ez da aldatu Txillidaren "oevre"an, asko kolekzionista eta museoen balorazioan.
Hiru dira, beraz, artelanen preziotan eragina duten faktoreak: artelanaren bakantasuna, bere garai bakoitzeko garrantzia eta erosle zirkuluetan duen entzutea.
Bakantasunari helduta esan daiteke artisten gazte-lanak sarritan gerokoak baino garestiagoak izaten direla. Kritiko eta arte-historialariek ere artista asentatu aurretiko epeak dituzte gogoko, bere hasierako lan edo garai sortzaile berezi horietako freskotasuna.
Testuinguru historiko edo nazionalean aurki daiteke, bestalde, obraren garrantzia. Zumeta, Ibarrola, Txillida, Oteiza edo Basterretxea bihurtu dira euskal arte modernoaren lekukoak. Eskari handiko artistak dira bai Euskal Herrian, baita Espainian ere.
Arte-merkatariek badute bere eragina, artistaren entzutea, bere ospea eta merkatu-kokapena garatzeko orduan. Marketing tresneria ganoraz erabiltzen duen galeristak bere artistak erakusketa onenetara bidaliko ditu, baita museoetara ere. Gauza bera egin dute garai bateko Maeght galeriakoek Parisen, baita Lelongek ere Txillidarekin. Azken hau oso ondo dago Europako merkatuan kokatuta. Ez da ordea, gauza bera Euskal Herriko beste artistekin gertatzen.
Jatorria da artelanen garrantzia indartzen duen beste faktore bat–batez ere, subastan eskaintzen baldin badira–: merkatuaren prezioa altuagoa izango da, artelana ezagutzaile adituaren kolekzioan egon bada.
Arte merkatuan modak ere bere eragina izaten du sarritan. Nork ez ditu gogoratuko 1987 eta 1991 bitartean inbertitzaile eta espekulatzaile japoniar eta iparramerikarrek egindakoak. Zerura eraman zituzten inpresionisten, modernoen eta arte garaikidearen prezioak. Muturrez aurrera jausi arte.
Konfiantza-krisi sakona zabaltzeaz gain zera erakutsi zuen arte merkatuaren 91ko zapuzteak: artelanak ez direla burtsarako akzioak eta artearen merkatua ez dela burtsa. Artearen prezioak indexatzeko saioek ez dute, ikuspegi horretatik begiratuta, inolako zentzurik.
Badirudi espekulazioaren giroa berpizten ari dela, eta Espainian bereziki. Euroa atarian, badaude diru beltza artean kolokatzeko ahalegin ageriak. Dirua sobran eta ezagutza gutxi. Horixe dute oinarri arte arrunta larrutik ordaintzeko apustua egiten dutenek.
Baina horrek hasierako galderara eramaten gaitu berriro: nola neurtu artearen prezioa?


Japoniarrak belaunak txakil

«

Japoniarrei edozein ekintzatan –baita ekimen kulturaletan ere– interesatzen zaien lehen gauza zera da: dirua
», aitatu zuen Toyota museoaren bozeramaleak 1991n. Urte berean desagertu ziren japoniarrak mendebaldeko arte-merkatutik. Arte-harrapariak joan eta kolokan gelditu zen Tokio, arte-merkatu globalaren ekialdeko erdigune hasi berria.
Ez da aspaldiko kontua japoniarrek mendebaldeko artea pilaka erosten zutela. 1990ean lau mila milioi dolar ordaindu omen zuten artelanetan. Londres eta New Yorkeko enkante etxeetan milioietan baloratzen ziren hamaika koadro, inpresionismoaren adierazleenak batez ere, Japoniara joan ziren urte horretan. 1991an bukatu egin zitzaien txoiloa, nahiz eta uneko inportazioek mila milioi dolar gainditu. Bertan behera joan ziren Japoniako arte erosketak hurrengo urtean, hasierako sei hilabeteko fakturazioa 270 milioi dolar izanik.
Artearen prezioak manipulatzeaz gain, fiskoa eta kreditu-emaileak kaltetu zituzten «aferagizon» japoniarrek. Koadroak banku eta aseguru-etxeen eskuetan gelditu ziren, baina koadroen uneko balioa hain behera joanda, galera bikoitza gertatuko zitzaien artelanak saltzen hasita. Koadro asko ia salezinak ziren nolanahi ere. Arterako senik gabeko espekulatzaileek garestiegi ordaindutako «izenak» –Picasso eta Renoirren bigarren eta hirugarren mailako lanak, baita Utrillo eta Buffet asko ere–. Bada, bost txakur txikitan saltzen hasi ziren artelan «ospetsu» horiek Mitsubishi eta Takashimaya erostetxeetan, kolekzionista edo bildumagile berrien ondasun preziaturako.
Era berean, Japonian zegoen artea mendebaldera itzultzen hasia da. Oso era diskretoan eta askotan –likideziaren arazoak medio– garai batean ordaindutako kopuruaren erdian. Horrela itzuli dira Van Goghen «Dr. Gachet» eta Renoirren «Au moulin de la Galette», artearen historian garestien tratatutako koadroak. Koadro biak mahai azpitik saldu omen ziren Sotheby's bitartekari zela: Renoirrena enkante etxe ospetsu horren New Yorkeko egoitzan errematatu egin zen 45 milioi dolarretan. Zazpi urte lehenago 78,1 milioi ordaindu omen zituen lan horrexegatik dagoeneko zendua den aferagizon japoniar batek. Basileako Ernst Beyeler arte-merkataria omen da, telebista japoniarraren esanetan, eguzkia altxatzen den herrian oso merke erosten dutenetako beste bat. Baina Japonian erosle partikularrak gelditzen dira, oraindik ere. Horrelako batek «Gabrielle avec Jean Renoir et une petite fille» erosi zuen. Eta baita Maneten «Bouquet de pivoines» ere –Sotheby's-en garai bateko 4,4 milioi dolarreko prezioaren erdian–.
Garai haietan lortu ziren hamaika koadro, baina, Tokioko portuko biltegi erraldoietan daude gorderik. Han ezkutatu zituztenek ez dituzte lanok maite, haiekin izan baitzuten, azken finean, bere biziko arte-abenturarik mingarriena.


Faltsifikazioekin kontuz

Eroslea liluratzeko ipuin eder batekin etorri ohi dira faltsifikazioak normalean. Saltzeko beharra azpimarratuko da eta horrek argituko du eskatzen den prezio baxua. Salneurri apalak eta horien azalpena izan daitezke faltsifikazioen ezaugarri. Erantsi behar zaie materialari dagozkion aspektuak, baita datu estilistiko eta historikoak ere. Jatorri garbirik gabeko artelanak erosten dituena faltsifikazioak erosteko arriskuan dabil. Gero eta faltsifikazio gehiago agertzen ari da, batez ere grabatuen arloan. Arte-lapurretak gutxitzen ari dira, bestalde, faltsifikazioak burutzeak arrisku gutxiago baitu.
Faltsifikazioen arazoa masifikazioan datza. Ardura tekniko izugarriak hartzen dira artelanak berregiterakoan eta kopuru handietan saldu behar dira errentagarri izateko. Mundu-mailako arte-faltsifikazioaren dimentsioak 1992an agerian geratu ziren, Amiel inprimategia desegin zutenean New Yorken. Zortzi urtez faltsifikatu zituzten han Picasso, Mird, Dalí, Chagall, Braque eta beste artista ospetsu batzuen lanak. Erregistroaren egunean 83.000 orri konfiskatu zituzten, haien salmenta-balioa 1.500 milioi dolarrekoa izanik. Agertu ziren fakturak imprimategi honen aktibitate biziak frogatzen zituzten. Faltsifikadoreek dozena bat bezero hornitzen zituzten munduko kontinente guztietan. Bitxikeria dirudi, beraz, Leon Amiel Daliren antzinako editore nagusienetako bat zela jakitea. Editeur Hamon zen beste bat. Azken honen almazenetan ere, Daliren artelan faltsifikatuak aurkitu zituzten duela hamar urte. Osora 18 tonelada paper!
Jatorria izan daiteke faltsifikazioak gainditu beharko lukeen beste froga. Natalja Varchakowa Parisen epaitu zuten 1994ko udan. Emakume hau Leningradoko eskolako aditua zen, Drouot enkante etxean. Bere agindupean 30 pintore errusiar zituen, kate-lanean paisaje postinpresionisten eta errusiar abangoardiaren estiloan pintatzen. Lan hauek Drouot etxean saldu omen ziren Varchakowaren ziurtagiriekin egiaztaturik, nahiz eta merkatuaren soegile askok klasiko errusiarren ugaltze paregabea usaindu eta salatu.
Estilo eta artelan «errazak» hautatzen dira faltsifikazioetarako. 1996an argitara atera zen iruzurgile talde bat Holandatik gaizki deklaratutako mihiseak merke saltzen ari zena, batez ere «made in Hongkong» paisajeak eta bodegoiak. Ekialdeko lantegi txikietan pintore azkar anitzek artelanak sortzen zituzten Ad de Roo, Ron Miert edo Herman Wijngaarden estiloan. Egunkariko iragarkietan jarri zituzten salgai, likidezia arazoak zituztela argudiatuz.
Turistentzako industriari lotuta daude Egipton egiten diren imitazioak. Faltsifikazioak, aldiz, eskabazio ilegaletan lapurtzen diren objektuekin nahasten dira. Egipto ez da, baina, arkeologia klasikoaren eremuan zalantzazko material ugari sortzen duen herri bakarra. Zeramika, txanpon, kameu, marmolezko eskultura, koroplastika eta edozer artelan faltsu ezagutzen da Italian XIX. mendetik gora. Turkiako faltsifikazio-industria, aldiz, berriagoa da. India oso ezaguna da fundizio eta brontzezko lanetan. Metalezko tresneria egiten da han, baita lan erlijiosoak, Budaren irudiak eta abar luze bat ere.
Artea erosteko orduan zuhurtasunak izan behar du nagusi: saltzeko motibazioak eta ematen diren azalpenek hasierako zalantzak piztu ditzakete. Norberaren gustuak eta esperientziak izugarrizko garrantzia dute materiala edo artelan mota baloratzeko orduan. Faltsifikatzailea hamaika akats egiteko aukeran dago eta, beraz, akats batzuk egin egingo ditu. Lehenengo unetik errepasatu behar dira garai bakoitzaren formak, edukinak, printzipio kreatzaile, tradizio eta konbentzioak. Gustua, esperientzia, ikusmen konparatzailea eta oroimen fotografikoa behar ditu artea erosi nahi duenak

"Art 29'98 Basel": Eskultura eta fotografiarako joera

Iaz ez bezala sosegatua azaldu da «Art 29'98 Basel» erakusketa oraingoan. «Art»ek klasiko alemanak erosteko gogoa berretsi du aurten ere, baita eskultura eta fotografiarako joera.
Arte moderno eta garaikidearen mundu-mailako aitzindaria da Basileako erakusketa. Era askotako artelanak aurkezteaz gain, mende honetan gauzatu diren tendentzien lekukoa da. Artezale, kolekzionista eta museo-gizonen komunitate internazionala bertara abiatuko da prezioak eta artearen bide berriak gertutik arakatzeko.
Goi mailako 270 galeriak izan du aurtengo erakusketan parte hartzeko aukera. Balio handiko artelanak aurkeztu dituzte, bertan margoak, eskulturak edota bideo instalazioak ikusgai izanik.
Basileako Beyeler galeria arte garaikide alemanaren izen sonatuetan zentratu da, merkatuaren eskaerari jarraituz. New Yorkeko Barbara Mathes galeristak apustu bera egin du. Meritua dagokie Baselitz, Polke, Kiefer, Gerhard Richter eta ingurukoen obrak plazara eramateagatik. Horien goi mailako artelanak gero eta urriago ikusten dira merkatuan. Enkanteetan, aldiz, puntako prezioak lortzen dituzte.
Nabarmena izan da aurten ere eskultorikoak sortu duen interesa. Eskultura areto zabal batekin erantzun dio «Art»ek iaz gauzatu zen merkatuaren joera horri. «Art Sculpture» aretoan kokatu dira eskultura handi, bideo instalazio eta eremu eskultorikoak. Antolatzaileek erosle potentzialak hartu dituzte kontuan: jakina da finantza-munduak arte erakusgarriaren premia galanta duela espazio publikoak hornitzeko.
Arte garaikideak ere izan du bere lekua «Art»en. «Statements» arloak 26 artista gazteren banan banako aurkezpena ikusi du, makina bat gauza berri eta interesgarri iragarriz. Mota anitzeko eskaintzak itxura freskoa eman die, baita ere, belaunaldi berriak aurkezten dituzten galeriei. Eta baieztatu egin da, berriz ere, eremu horretan fotografiak hartu duen indarra

"Eskuak geldi!": enkanteetan parte hartzeko zenbait aholku

Enkante edo erremate etxeetan artea eta beste anitz gauza merke erosteko aukera izango duzu. Baina, hasierako beldurra dela eta, ez da jende asko horrelakoetara hurbiltzen. Ez du zertan arazorik izanbeharrik, arauak ezagutuz gero.
Enkantean agertzen den eskaintzailea objektuak saltzeko bitartekaria da. Materiala enbarguetatik etor daiteke, baita etxeko likidazioetatik ere edo bilduma zaharretatik. Materialaren jatorriak ez du praktikan inongo garrantziarik. Edonork igor dezake materiala, edonork erosi. Hona hemen hanka sartu gabe aritzeko aholku batzuk:

- Eskaintzak hitzez, idatziz edo telefonoz egin daitezke. Hasiberriak eskaintzak egiteko aretoan egotea komeniko litzateke.

- Hasieran aprendiz moduan joan zaitez enkantera. Eskaintza luzatzeko prest egonda, zure izena aldez aurretik eman eta eskuratu zure zenbakia.

- Katalogoan aztertu enkantean erosteko arauak eta baldintzak.

- Materialaren aurretiko aurkezpenean parte hartu hutsik egin gabe. Enkante etxeetako aurkezpenak hainbat egunekoak izaten dira. Ordu erdia izango duzu ordea, prozedura judizialetan eskainiko den material enbargatua ikusteko.

- Ez erosi aldez aurretik eskuartean eduki eta ondo kontrolatu ez duzuna: objektuak dauden egoeran pujatzen eta errematatzen dira. Ez dago gauzekin atzera egiterik. Zalantzarik baduzu, galdetu aretoko pertsonalari. Kontuz prozedura judizialetan: egiaztatu auto (desagertu) baten paperak eskainiko diren ala autoa bera.

- Jarri goiko muga tinkoa eskaini nahi duzun prezioari; kontuan hartu komisioa gehitu behar zaiola. Ez gainditu muga hori inolaz ere, nahiz eta ingurukoak, ero moduan, prezioak gora ereman.

- Katalogoan lote bakoitzaren estimazio prezioak aurkituko dituzu. Eman dezagun koadro baten azpian 1.000$-1.200$ agertzen dela. Beheko kopurua merkatuaren beheko prezio ona omen da; goikoa, bildumazale batek ondo ordainduko lukeena. Baina gauzak ez dira beti hain garbi: estimazioak askotan nahiko baxuak jartzen omen dira jendea animatzeko. Eta kontuan hartzeko beste puntu bat: materialaren igorleak muga jar dezake eta prezio gorde horrekin enkantegilearen mahaitik zure aurka pujatu.

- Eskaintza goiko estimazioaren erdiarekin hasiko da, hau da, 600$ oinarri hartuta gure adibidearen kasuan. Madrilgo Fernando Duranek ez du estimazio preziorik jartzen, irteera prezioak baizik. Eskaintzen hasteko prezio horiek izaten dira, hain zuzen ere, igorleek jarri dituzten mugak.

- Amateurrak irteera prezioaren gaineko pausua ordainduko du ia beti, eskua arinegi altxa duelako. Enkantegilea lote berri batekin hasten denean, ez eduki presarik. Aretoan eskaintzarik ez badago, hasierako prezioa bera errepikatuko dute. Eta zuk, «600$ baietz» esanez, irteera prezioan erosiko duzu zurea.

- Badaude enkantean zure aurka ari diren pertsonak izorratzeko bideak. Arerioa gastuetara eramatea da bata, tentsioa sortzea bestea. Lehen kasuan prezioak igoko dituzu, ezer erosteko asmorik gabe –arerioak laupabost objektu eros ditzan, baina larrutik ordainduta–. Helduen fintasun handia behar du horrek, prezioa igo behar baituzu neurriz kanpo atera gabe. Zure eskaintza azkena izan bada, zuretzat oparia. Tentsioarena oso sinplea da: aldatu zure enbidoen abiadura. Garaipenaren usaina utzi behar zaio arerioari, bere ilusioa azken unean zapuzteko. Egin zure eskaintza enkantegileak besteari errematea eman baino lehentxoago. Bi-hiru aldiz horrela luzatzen joan eta hasi orpoz orpo segitzen: arerioak bere eskaintza eman bezain pronto, zuk zurea egin.

- Objektuak mailu kolpez errematatzen direnean ez dago atzera egiterik, zure eta enkantegilearen arteko kontratu irmoa baituzu. Mantendu eskuak geldi, ez dezatela pentsa prezioa igotzen ari zarela.

- Erremate salneurriari komisioa erantsi behar zaio, portzentaia aldakorra enkante-etxe batetik bestera. % 15 eta % 20 bitartean ordaindu ohi da. Kopuruak katalogoan aurkituko dituzu. Komisioari BEZ gehitzen zaio.

- Fidatu zaitez zure gustuaz. Erosi ezazu gustatzen zaizuna, gustuko denak beti mantenduko du bere balio pertsonala.

- Kontuz modekin eta kontuz prezioaren balioa mantendu edo handituko dela argudiatzen bada. Rolls Roycek balioa handitzeak ez du esan nahi Seat 600ak gauza bera egingo duenik. Errezesioak artearen prezioak sotora eramaten ditu. Hurrengo merkatu-zapuzteak gauza bera egingo du.

- Enkantegileek fede onez deskribatzen dituzte loteak. Ez dira, baina, benetakotasunaren erantzule. Ez dituzte, hala ere, faltsifikazioak apropos programan sartuko. Erosleak uste badu faltsifikazioa erosi duela, berari dagokio frogatzea.

Enkanteetan ez dago saltzen ez denik!

Edozer aurki daiteke erremate etxeetan. Badaude kolekziorako klasikoak, filatelia kasu, baina baita beste anitz gauza bitxi ere.
Akuarelak, alfonbrak, altzariak, animazioa, arkeologia, arma historikoak, arte afrikarra, arte garaikidea, asiarra, autografoak, automatak, automobilak, banku-bileteak, barometroak, beirak, bitxiak, Bordeleko ardoa, brontzeak, erlojuak, errifleak, eskuizkribuak, eskularruak, eskulturak, fotografiak, grabatuak, gramofonoak, ikonoak, inpresionistak, irratiak, itsasontzi maketak, jostailuak, kaligrafia txinarra, kamerak, komikiak, koñaka, koadroak, liburuak, litografiak, maiolika, maisu zaharrak, medikuntza-tresnak, militaria, miniatura trenak, musika-tresnak, netsuke, numismatika, panpinak, pelutxezko hartzak, poltsikoko erlojuak, portzelana, sozialistika, telefono-txartelak, uniformeak, whiskya, xakea, xanpaina, zilarra.
Ez da askotan erraza enkanteetan eskaini direnak zehatz kokatzea. John F. Kennedyren peleleak kasu edo Marilinen bularretakoak? Bi pertsonaia ospetsu horien barruko jantzien morboa ezagututa, memorabilia edo efemerideak proposatu beharko

Enkanteguneak eta zuzenbideak

Sotheby's eta Christie's dira mundu mailan ari diren subasta etxe nagusiak. Eibartar eta plentziarren antzera ari dira beraien artean, bata besteari aurrea kendu nahian. Sotheby'sek une latzak bizi izan ditu iaz, antzeman baitzen arkeologia eta arte klasikoaren materiala, lapurrak igorle, Italiako hilobi eta nekropolietatik sortzen ari zela, artea eta herrien ondarea babesteko Unidroit hitzarmenari uko eginez. Arkeologia sailari, Londresen ezabatu eta New Yorken eman diote jarraipena dagoeneko. Christie'sek, bestalde, udan jaso du Francois Pinaulten hartze-eskaintza. Aberats frantsesak 721 milioi libra esterlina eskaini ditu, Artemis bere holding-aren bitartez. Christie'sen akzioen balioa laurden batean gainditu duenez, akzionistak pozik. Ikusteke dago hartze honek Frantziako arte eta subasta mundu hertsian izango duen eragina.
Artearen arlo guztiak eskaintzen dituzten beste etxe ospetsu batzuk badaude Europan: Drouot etxea Parisen; Suitzan Koller eta Stucker dira ezagunenak; Vienako Dorotheum etxeak Pragan zabaldu du egoitza berria, ekialdeko arte demanda bereganatu nahian; Berlin metropoli kultural berriak Villa Grisebach du aipagarri.
Espainiak ere baditu etxe interesgarriak, Madrilen batez ere: Duran, Ansorena, Castellana 150 eta Finarte besteren artean. Hona hemen batzuen helbide dijitalak euren eskaintza eta agenda ezagutu nahi dituztenentzat:

Duran Subastas de Arte, Madril:
http://www.duran-subastas.es

Finarte España, Madril:
http://www.finarte.es

Sothebys, Londres:
http://www.sothebys.com

Christies, Londres:
http://www.christies.com

Gallerie Koller, Zurich:
http://www.galeriekoller.ch

Dorotheum, Viena:
http://www.dorotheum.com

Enkanteak on-line

Modan jarri dira, azkenaldi honetan, Interneten bitartez antolatu diren enkanteak. 200 bat gune aurki daitezke egun eta jakina, edozein gauza eskaintzen dute bertan. Garbi dago Interneten abantaila non dagoen: erremate errentagarriak eratzeko adina erosle dago ziber-espazio zabalean. Enkante handienek milioiko salmenta-kopuruak egiten dituzte sarearen bitartez hurbiltzen zaizkien erosleei esker. Artea dela eta, eBay azoka digitala aipatu beharra dago. 25 milioi objektu inguru saldu dute eBaykoak horretan hasi zirenetik, 1998ko urrian, esaterako, 781,436 objektu eskaintzen zituzten 1.086 atal desberdinetan banaturik. Gune horretan saltzen diren objektuen prezioak 25 eta 30 dolarren artean mugitzen dira.
Hona hemen hainbat gune interesgarriren helbide elektronikoak:

eBay, azoka digitala: http://www.ebay.com

Inter@ctive Collector, antigoaleko gauzak: http://www.icollector.com

Edgar L. Owens Gallery, objetu arkeologikoak:
http://www.edgarlowen.com


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Salvador Dalí
Dalí polifazetikoa

Artea da gizakiak mundu onetan sortu duen gauzarik ederrena, hainbat espresio modu bilatu ditu: musika, literatura, pintura, eskultura, poesia, graffiti, etab. Artisten bizitzei buruz irakurtzen hasten garenean, badirudi, ohiko espazio-denborako jarraitasun haspergarri... [+]


2004-11-08
Europako abangoardietako lanak daude ikusgai Kubo aretoan
Donostiako Kubo aretoan Abangoardiak 1925-1939 erakusketa zabaldu dute. Bertan bildutako Pablo Picasso, Salvador Dalí, Joan Miró, Juan Gris edota Jorge Oteizaren obren bidez 1925etik 1939ra bitartean Europan emandako abangoardiak ezagutzeko aukera izango da 2005eko... [+]

BILDUMA GARAIKIDEARENTZAT ETXE BERRIA
Ostiral honetan, hilak 26, dauka Artium museoak irekiera data. Gasteizko alde zaharrera begira dagoen eraikin berriak bere 13.000 metro koadrotatik 3.800 erabiliko ditu hemendik aurrera bildumako ia 1.600 lanetatik batzuk (normalean museo batek bere bildumaren %8 eta %15 tartean... [+]

Eguneraketa berriak daude