argia.eus
INPRIMATU
ZALETASUNA ETA BIZIMINA
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 19a
Urtarrileko hotza neguaren bihotza» dio esaera zaharrak eta aurtengoan ez dabil oso aparte. Epeletik jotako udaberri itxurako egun gutxi batzuen ondoren hotzik hotzenetik dabil eguraldia. Garaian garaikoa omen da onena eta ezin kexatuko gara...
Negu-neguan eta loretan bapo ikusi ahal ditugu landare batzuk, mimosa, kamelia, errododendroa, azalea eta abar. Landare hauek ez dira, ez, landareetako ardi galduak ezta esaerako neguko loreak ere, kanpotik etorri eta piskanaka euskalduntzen ari diren familiak baizik.
Bi arrazoi dituzte loretzeko guretzako hain harrigarria den urte-garaia hautatzeko. Batetik, mimosa adibidez, bere jatorrizko lurraldeetan ez du hemen bezain besteko hotzik egiten eta hemen hotzaldi bat egin eta pittin bat epelera jotzea nahikoa da udaberria iritsi dela pentsatu eta lorez janzteko. Talde honetako landareek tarteka, horma edo izotzen batekin, izugarrizko ezustekoak izaten dituzte eta ipurdiraino erre eta hil daitezke. Beste taldea neguzaleek osatzen dute, kamelia, errododendro, azalea... Hauek neguaren altzoan izaten diren hotza, hezetasuna, ura eta argitasun eskasia gogoko dituzte eta aldekoena duten sasoia hautatua dute lanik korapilatsuena burutzeko, lorealdia, alegia. Honela beren ikuspegitik sasoi zakarrena dena etortzen denerako, uda lehor eta berorako, barruan haziak daramatzan fruituak hazita izango dituzte eta bost axola. Lozorroan jarriko dira, berriz ere udazken-neguko egun motz, ilun eta freskoak etorriko dira eta...