argia.eus
INPRIMATU
Tantoa
Koldo Izagirre 1999ko urtarrilaren 24a
Artista zen eta artista nahi zuen izan eta artista orok egin beharrekoa egin zuen: Parisen eman zuen denboraldi bat, Beaux Arts-eko eskola nagusian modelo biluziak aspertzeraino marrazten eta Vincennes-ko jangela unibertsitarioetan iraultza egiten. Frantsesera txar baten jabe eta Vasarely-ren teorien morroi etorri zitzaigun. Txatarra puskak ebasten hasi ginen Pasaiako moilean, eskulturak moldatzeko. Zinema, orduan, abangoardia egiteko baino ez zitzaigun interesatzen. Super-8 bat zeukan, eta zeluloidea zuzenean maltratatuta zer lor zitekeen erakutsia zigun Sistiagak baino askoz lehenago. Esperimentaziotik marrazki txekiarretara pasa zen, eta egun batean bolantez eta erregela milimetratuz beteriko zurezko mahai bat aurkeztu zigun. Abian zen marrazki bizien gure lehen atelierra.
Urte gogorrak pasa ditu Berasategik, industria txiki interesgarri eta berezitu bat egin zitekeela frogatu nahian. Lortzeko puntuan dago orain, aitorpena kanpoan egin behar dioten honetan: Espainiako zinema mundutxoan hain ugariak diren azpikeriek lapurtzen ez baldin badiote behintzat, Goya saria emanen diote egun gutxi barru marrazki bizietan eginiko luzemetraia batengatik. Eta orduan oroituko gara Euskal Telebista sortu baino lehenago, askoz lehenago, bazela hemen marrazki biziak egiten zituen atelier bat, Juanba Berasategik sortua eta gidatua. Zenbat bidaia egin zituen Entera, zenbat proposamen ipini zituen mahai gainean eta ondoren zenbat etsialdi hartu zituen, neu naiz lekuko.
Orain, sari honek estatu mailan emango dion publizitatetxoaz eta teknologia berriek aurrezten dutenari esker, agian ikusi ahal ukanen dut berriro Juanba Berasategi atzamarrak pinturatan zikinduta, aspaldiko partez. Ez nuke besterik nahi, bizirauteak behartu duen bidaia, bilera eta fantasia finantzieroetatik urrun, artista dena artista izatera bihur dadila ostera. Sari hori ere ongi merezia baitu