argia.eus
INPRIMATU
HARTZARO, XIRU ETA ERROBI
1999ko urtarrilaren 24a
HARTZARO, XIRU ETA ERROBI
IPAR Euskal Herriko Soinulari elkarteak aurkezpen berezia burutu zuen iragan astean Baionan eskainitako prentsaurrekoan: aurtengo Hartzaro, Xiru eta Errobiko festibalak batera aurkeztu zituen. Hiru jaialdiok mota desberdinetako ekintza kulturalak eskaintzen dituzte, Iparraldean euskal kultura berpizteko helburuarekin. Xede amankomun honek bultzaturik, hiru jaialdietako arduradunek ekimen orokor batean bateratzea erabaki dute. Proiektu bateratua aurkezteaz gain, dirulaguntzak jasotzeko orduan ere bat izango dira Hartzaro, Xiru eta Errobiko festibalak.

INTERNETEN EUSKARAZ JOKOAN
«NOR DA?». Horixe da Interneteko euskarazko lehenengo ziberjokoa. Hamar pertsonaia ospetsuren argazkiak erakusten dizkigu jokoak. Guztiak asmatuz gero, G. Elorriagak diseinatutako elastikoa eskuratzeko aukera ematen zaio jokalariari. Bilboko Editorial Cibertextosek garatutakoa, Informática Vasca web orrietan topa daiteke jokoa, hots, Euskal Herriko Teknologia Berriei buruzko aldizkari elektronikoan. «Nor da?» hedabide horrek egindako aldaketa orokorragoen barruan kokatu behar da, Informática Vasca diseinu berri batekin agertu baita, edukiak eskuragarriagoak izanik. Berrikuntzen artean ezin utzi aipatu gabe Euskal Herriko Interneteko hornitzailerik onena zein den jakiteko inkesta. Inkesta horretan, irakurleek sektore horretako enpresen zerbitzuari buruz euren iritzia emateko aukera dute. Alex Lamikiz Informática Vascako zuzendariaren esanetan, «

euskal internautak internetera konexio ona edukitzearen garrantziaz konturatzea nahi dugu. Horretarako, merkatuko eskaintza baloratzea ezin hobea dela uste dugu
». Hau guztia «www.ivasca.com» helbidean topatuko du erabiltzaileak.

FAS ERABERRITURIK
BILBOKO FAS zine-klubak egoitza berria estreinatu du. Egoitzaren zabaltzearekin batera egitasmo garrantzitsuak jarri ditu abian. Alde batetik, FAS zine-kluba dokumentazio zentru irekia bilakatuko da. Bestetik, zinemaren inguruko Euskal Herriko liburutegi pribatu garrantzitsuena berrantolatuko du.

MADRILGO DIRUA EKAINEN
EKAINGO kobazuloaren erreplika eta museoa egiteko Madrilgo Gobernuko laguntza jasoko du Zestoako Udalak. Kultura Ministerioaren Arte Ederretako eta Kultur Ondarerako Zuzendaritza Orokorrak 30 milioi pezeta (1,2 milioi libera inguru) bideratuko ditu egitasmora.

TRUKE 99
URTEBETE joan da Belen Alvarez eta Helena Amondarain aktore nafarrek Truke antzerki lanak banatzeko etxea sortu zutenetik. Urtemuga ospatzearren, iragan asteburuan Truke 99 antzerki zikloa abiatu zen Nafarroako Antzerki Eskolako egoitzetan. T'Ombligo Teatro, XXL Produkzioak, Trokolo, Oihulari Klown eta Truke bera arituko dira otsailaren 14a bitarte, Nafarroako lau konpainia eta Gipuzkoako bat, beraz. Nafarroako antzerki taldeek aurrera egin zezaten sortu zen Truke; zikloarekin taldeok bide berriak jorratzeko gaitasuna dutela frogatzen da.