Ibilbidea, Arano herrian bertan hasiko dugu hilerrira doan bidea jarraituz, eskuinean Aranomendi utziko dugu. Ia kilometro bat egin baino lehenago San Rokeko ermita ikusiko dugu, kanpotik itxura xumea du baina ateko leihatilatik baseliza gozoa agertuko zaigu. Pistan zehar pago iladek lagunduko digute eta bide batez, pago-motz eta pago-lizarren arteko desberdintasuna argi ikusiko dugu. Pago-motzak, 2 metroko altuera hartzen zutenean kimatu egiten ziren, bertatik, ikatzetarako egurra eta aziendentzat udaberriko hosto xamurrak izateko. Pago lizarrak aldiz ez ziren kimatzen ohol eta egur sendoa lortzeko; poliki-poliki izugarri luzatu dira. Ondorioz, gaur egungo zuhaitzak, gure ekintzen eta gure aitzindarien kudeaketaren araberakoak dira.
Aranomendi eta Urkamendi arteko lepoan pista utzi eta eskuineko bidezidorra jarraituko dugu. Ezkerrean burdin erreka doalarik, haran osoaren ikuspegi ederra behatuko da hemendik. Iratzez estalitako zelaietan harizti eta pagadi txikiak zeharkatuko ditugu. Merezi du zuhaitz hauei begira arretaz geratzea. Zuhaitz bakoitzaren ezaugarriei baino, zuhaitz multzo hauen antolaketari gehiago. Zuhaitz andanari begiratuz gero, landatuak direla nabarmentzen da, ez baitira naturan zuhaitzak errenkadan hazten, ezta guztiak adin berekoak izaten ere. Bestalde, monotonia honek basoen ustiaketa errazten du. Hemen kilometro t'erdi egin ondoren, Burdin izeneko eraberritu berria den borda dago. Bidea jarraiturik mihurak kolonizatua duen zuhaitz bakarti bat ikusten da. Mihura, zuhaitzen gainean sustraiak botatzen dituen erdibizkarroia da eta bere osagaietako bat tumoreen inhibitzailea omen da.
Bidezidorretik irten eta goiko lepora igoz, Añonerekin topatuko gara, mairubaratzez jositako gaina, baina bidea jarraitu eta mendixkari buelta emango diogu. Eskuinera joz abereen beharrak asetzea helburu duten zelaietan garo-metak agertzen zaizkigu. Garo honek, azpiak egiteko balio du, abereak bertan atseden hartu eta egin beharrak eginda, ongarri moduan erabiltzen delarik. Beste bost kilometrotan zelai eta borda artean igaroko gara eta argi adierazitako bidegurutzean Burdin Aroko (800-300 k.a.) mairubaratzak topatzen dira plaka adierazgarri eta guzti dutenak, beraien ezaugarriak jakitera emanez.
Bi bidetatik itzul gaitezke Hernani eta Goizueta arteko Arano herrira. Batetik, eskuineko bidean jarrai genezake pistan zehar eta bestetik, mendiaren tontorra segi dezakegu eta bide batez mairubaratzak eta paisajeak behatu. Azken bide hau haize asko dagoenean ez da erosoa izaten.
Pista jarraitzea erabakitzen badugu, bi iturri pasako ditugu eta, iturri ingurutan dagoen hezetasuna dela-eta, iratzeak eta goroldioak ugaldu egiten dira hauek ur asko eskatzen baitute. 3 metrotara lehenengo bidegurutzea dago eta bertatik San Rokeko ermitan barrena Aranora itzuliko gara