Euskal sindikatuek eta patronalak hitzarturiko akordioaren arabera, 15.000 izan litezke ondorengo 5 urteetan ordezkatuko liratekeen langileak. EAEko Administrazioaren aurreikuspenak hala adierazten du behintzat. Gogora dezagun akordio honek langabezian edota aldi baterako lan-kontratupean dauden gazteek 60 urtetik gorako langileak ordezkatzea ekarriko duela.
Negoziazioetan aipaturiko zenbatekoen arabera, 12,5 milioi pezetakoa (500.000 libera) izango da langile bakoitzak eragingo duen gastua. EAEko administrazioaren aurrekontua 50.000 milioi pezetakoa izango da, patronal eta sindikatuek hitzartutako akordioak iraungo dituen 5 urteetan zehar banatuko direlarik.
Nork ordainduko du gastu hori? Orain euskal eta espainiar administrazioei dagokie akordio hau arrakastatsua izan dadin beharrezkoak diren bitartekoak jartzea. EAEko gobernuak bere baietza eman dio akordioari dagoeneko eta bere finantzaketan dagokion erantzukizuna bere gain hartuko duela esan du.
Administrazio zentrala da, ordea, finantzaketa eta langabezia kontuetan arduradun nagusia. Ikusi beharko da orain zer jarrera hartzen duen langabezi sarien gastuaren aurrean, akordioaren eraginpean diren langileek Gizarte Segurantzarekin egin ditzaketen hitzarmen bereziak izateko aukeraren aurrean edo aldez aurretiko erretiratzeko aukeraren aurrean