argia.eus
INPRIMATU
TXERTATU, MENTATU EDO EZTITU
Jakoba Errekondo 1999ko urtarrilaren 17a
Udaberriaren epela uste baino lehenago etorria dugu eta negu-neguko patxara aztoratu digu. Landareen urte berriaren antolaketa ezin lasai hartu eta atzea dantzatu beharra dago aurtengoan. Landaketa eta inausketaz maiz aritu gara azkenaldian; gaurkoan txertaketa jorratuko dugu.
Landareak txertatzea, mentatzea edo eztitzea zirujiaren pareko artea da. Bi landareen zatiak elkar itsatsiz landare berri bat sortzea da helburua. Elkartzen diren landareak espezie berekoak edo bi espezietakoak izan daitezke. Sagarra sagarrari, udarea udareari, udarea iransagarrari, intxaurrondoa intxaurrondo beltzari, mizpira elorri zuriari, muxika muxikari, muxika aran basakari, arana elorri beltzari eta abar.
Urteetan landu den artea izaki, landare bakoitzari komeni zaion mentatze era eta garaiak ezagutzen dira. Otsailaren lehen hamabost egunetako ilbeherapenean egin beharko dira aurten eztitzeak. Gainean da eta zorroztu labana, gustura jan genuen fruta hura zein arbolarena zen gogoratu mentua kentzeko eta zeinen gainean txertatu behar dugun aukeratu.
Mentaketa egiterakoan, dena delakoa, gauza bat da, besteak beste, kontuan hartu beharrekoa: sortzera goazen landare berria osatuko duten bi zatiek elkarrekin bizi beharko dute beti. Honetarako izerdia trukatzea behar beharrrezkoa izango dute. Izerdia azalpean dabilenez bi zatien azalak elkarren parean jarri beste aukerarik ez dago. Horra hor zirujauaren artea