argia.eus
INPRIMATU
MINA NEURTZEKO TERMOMETROA
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Mina baloratzen oso zaila den sintoma da, guztiok ez baitugu modu berean sentitzen; beldurrez dagoen pertsona batek, adibidez, beldurrik ez duen beste batek baino modu gogorragoan sentitzen duelako mina.
Mendetan zehar sofrimendu hori gizakiarentzat ezinbestekoa eta bere-berea duen zerbait bezala onartu da (gogoan hartu Bibliak dioena: "Zure bekokiko izerdiaz erdituko zara", edo antzeko zerbait), baina azken urteotan gizartea ez da konformatzen eta inork ez du minez bizi nahi. Horrela, Anestesiologia, Erreanimazioa eta Min-Terapiarako Espainiako Elkartearen lehendakaria den Lopez Timoneda doktorearen ustez gaixo bati bere mina ez bazaio behar bezala tratatzen, ospitaleko egonaldia luzatu egingo zaio, operatu-osteko konplikazioak agertzeko arriskua gehitzen den bitartean: konplikazio kardiobaskularrak, arnas aparatukoak, digestiboak eta baita psikologikoak ere.
Sukarra edo tentsio arteriala neurtu eta jakiteak medikuari laguntza handia ematen dion bezala, minaren intentsitatea neurtzeak ere asko lagunduko lioke bere eguneroko jardunean. Orain, sistema erraz eta praktiko batekin ongi baino hobeto daki medikuak bere gaixoak sentitzen duen minaren berri: pazienteak egunero bere min-sentsazioak kontuan hartuz eta ikus-eskala analogiko batean oinarrituz, 0tik 10era bitartean ebaluatzen ditu, papertxo batzuk betez. Horrela, adituak minaren eboluzioa ezagutu eta aurreikus dezake, tratamendua ahalik eta lasterren jarriz. Gaixoa bera da jasaten duen minaren intentsitatearen eta motaren berri jabetzen den bakarra