Euskal telebistako lehen katean eztabaida saioak lekutxo bat izango du berriro. Zenbait ikasturtetako lehortea gaindituz, egunerokotasuneko gaiak mahaian eztabaidagai jartzeko erabakia hartu du kate publikoak. Datorren astelehenean abiatuko da egitasmoa, Maddalen Iriartek aurkeztu eta zuzenduko duena.
Eztabaida izango du oinarri nagusi saio berriak, «
baina ez dut baztertzen tarteka, elkarrizketa edo bi pertsona aurrez aurre ipintzea. Elkarrizketa edo aurrez aurreko hori izan daitezke debatearen abiapuntu. Nik hala nahi nuke» dio Maddalen Iriartek. «
Gerta daiteke batzutan egunerokotasunak aurretik pentsatuta genuen gaia jatea. Euskaraz eta denbora gutxian saio bat muntatzea zaila da, baldin eta gauza oso-oso argia ez bada. Beraz, elkarrizketa edo aurrez aurreko hori tarteka erabili ahal izango dut bat-batean sortu den gai bat aztertu ahal izateko eta jarraian aurretik ezarria genuen debatea egiteko».
Eztabaidan landuko diren gaiak egunerokotasun handikoak izango dira: batez ere gai politikoak, baina tarteka baita gai sozialak ere. Programaren asmoa aldiro zortzi solaskide eramatea izango da eta hauek «
punta puntako izatea».
ESKUETATIK ALDE EGIN GABE.
Zenbait eztabaida saiotan izan ohi den iskanbila saihesten, gaiak moderatzaileari eskuetatik alde egin ez dakion ahaleginduko dira programan: «
Gure saiakera izango da edozein gai dela ere, dagokion koordenadetan finkatzea. Eztabaida nahi dugu, sesioa nahi dugu, eta maila hortan telebisiboki horrek eman dezaken espektakulua nahi dugu, baina niri ez zait interesatzen gaiak bere koordenadetatik ateratzea. Ikusentzuleak bertan sutsuki ari direlako engantxatuta geratuko den zera bat nahi dut, baina koordenadak ondo markatuta» dio aurkezleak.
Eztabaidak ez daitezela hutsean amaitu, zerbait eraikitzea dute helburu programako kideek: «
Zubi bat izan nahi du. Zubi horretan diskusio asko eduki genitzake eta oso gogorrak izan daitezke, baina ez ezertan ez geratzeko, baizik eta agian zerbait eraikitzeko».
Astero solaskide desberdinak izango dira, baina gaiak hala agintzen badu, ez da inongo arazorik izango zenbait pertsona errepikatzeko. Non aukeratua badela uste du Maddalen Iriartek. Alde horretatik, duela sei urte «Ados» eztabaida saioa egin zuenetik gauzak zertxobait aldatu direla dio: «
Gaur egun euskara oraindik arazoa bada ere, nik pentsatzen dut badaukagula non aukeratu gehiago. Eta gainera, solaskide berriak ezagutarazi nahi ditugu».
Zuzenean eskainiko den eztabaida saioa Goenkaleren ostean abiatuko da eta bi orduko iraupena izango du, nahiz eta orduerdi gehiago ere luza daitekeen. Maddalen Iriartez gain, beste lau kazetarik osatuko dute programako lan taldea: Joseba Balerdik (saioaren zuzendaritzan eskuhartuko du), Ane Miren de la Hozek, Xabier Urteagak eta Xabier Zalduak. Maddalen Iriartek eztabaida saioa egiteaz gain, Gaur Eguna aurkezten jarraituko du. «
Egunero launa ordu eskainiko dizkiot bakoitzari, gehi behar diren guztiak»