argia.eus
INPRIMATU
Amalda, historiaurreko lekukoa
Asier Agirresarobe 1999ko urtarrilaren 17a
Gazume eta Pagoetako Natur Parkeko urak bildu ostean Altzolaras edo Granada errekak, urak Urolaren esku utzi aitzin, urtetan zehar taxututako haran zoragarria dugu Altzolaras. Egun, baserri bakan batzuk soilik irauten dute; behinola, jarduera ekonomiko garrantzitsu baten lekuko, burdinola eta errotak izan ziren bertan; historiaurrean, berriz, bertako aztarnategiak direla eta, haran honek are garrantzi nabarmenagoa izan zuela esan liteke. Izan ere, Amaldako haitzuloaz gain, Arbelaitz I, II eta III, Amalda II, III, IV, V, VI eta VII, Astuipeko Estalpea, Aitzelar eta beste zenbait aztarnategi topa daitezke bertan.
Aizarnazabal parean, Txiloaga edo Txiriboga baserriaren aldamenetik abiatzen den errepidetik barneratuko gara haranean, hainbat baserri atzean utziz hormigoizko bide meharrak Errotatxikira eraman gaitzan. Errekaren bestaldean aurri-egoeran dagoen Altzolarasko dukearena izan zen jauregia ikusteko aukera izango dugu. Autoa bertan utzi eta baserriaren ezker aldetik abiatzen den gurdibidetik joko dugu arrasto zuri-horien laguntzaz (95 metro). Hutsik dagoen Errezabal baserria igaro eta errekarekin bat egingo du gure bideak. Ezkerrean ikus daitekeen zubitxoaz baliatuko gara, orduan, erreka zeharkatzeko.
Bestaldean jada, aurrera jarraitu beharrean, eskuineko hegi aldapatsuetan gora labar harritsuen bila abiatzen den zidor lausoa jarrai daiteke, Arbelaitzeko haitzuloetara igo gaitzakeena izaki berau. Gurdibidean barrena berrehunen bat metroren buruan, hartxingadi bat pasa eta berehala, Amaldako haitzulora zuzenean igoko gaituen zidorrari eutsiko diogu. Ehun bat metroko igoera latzak haitzuloaren aho itzelaren pean ipiniko gaitu (205 m).
Haitzuloak ekialdera zuzendutako triangelu moduko sarrera zabal bat du, 12 m. zabal eta 7 m. altuerakoa. Haren atzetik 50 bat metrotako galeria handi bat dator, bukaeran estutzen doana. Bertan egin indusketetan giza-hezur ugari aurkitzeaz gain, fauna-hezurrak, zeramika, txanponak, apaingailuak eta abar aurkitu ahal izan ziren. Barandiaranek 1927an aurkitu zuen haitzuloa eta 1979tik 1984ra bitartean burutu ziren indusketa arkeologikoak Jesus Altunaren gidaritzapean.
Gizakiak antzinatik gaur egunera arte erabili izan ditu haitzuloak, bizileku gisa, zenbait kulto eta erlijio-praktikarako, lurpeko urak baserri, lantegi eta herriak hornitzeko, eta baita jarduera praktikoetarako ere, hala nola, ardi-etxe edo barrengorriak ereiteko leku gisa.
Gurdibidean berriro, joandako bidetik itzuli beharrean, errekan gora jarraituko dugu Altzolaras bailara eta inguruak zertxobait ezagutu asmoz. Bideak bitan zeharkatuko badu ere erreka, eskuin aldetik doan zidor zatar batek ez zeharkatzea ahalbidetuko digu. Errekatik aldendu, igotzen hasi eta Astui Zabal eta Astui Zahar baserrietan agertuko gara (250 m). Hormigoizko errepidean jada, marka zuri-horiak Santa Engraziko ermitara eramango gaituzte orduerdiko ibilian (508 m.). Tontortxo batean estrategikoki kokaturik Altzolaras haran osoa menperatzen du bertatik, bai eta parean izango ditugun Altzola eta Urdaneta auzuneak ere. Santa Engraziko bentara atzera, eskuineko zidorretik jo eta Aizarnara daramaten arrastoak jarraituko ditugu. Egaña baserrietara iritsitakoan, berriz (310 m.), hormigoizko errepidean gora, abiapuntura jaistea ahalbidetuko gaituen lepoaren bila igoko gara