argia.eus
INPRIMATU
ZIRIKOLATZ, HISTORIAURREKO AZTARNEN OIHAN TTIPIA SENPERE INGURUAN
IƱigo Txintxurreta 2017ko azaroaren 28a
Ibarrondik hartuko dugu Senpereko auzo hau eta Ahetze lotzen dituen errepidea. Gaur egun mundrunak, Uhabia eta Urdazubi ibaien arteko muino lerrotik iragaiten zen bide zaharra ordezkatu du, Ainhoa eta Ezpeletako mendietatik itsasoraino heldu den bide erraza.
Bidearen garrantzia historiaurreko hondakinek frogatzen dute. Bidartetik Berara jarrai daitekeen Ipar-Hego loturari buruz mintzo gara, Ibarronen Urdazubi ibaia gainditzen duena zubi zahar batetik.
Bidetik, Sarako haraneko megalitotegi garrantzitsua ere zeharkatuko du. Honek guztiak baieztatzen du bide honen antzinatasuna. Bidearen goren puntutik, 108 metrotan, eta elektra-dorre bat pasa ondoren, Zirikolatz menperatzen den lekutik, basora jaisten den pista hartuko dugu. Berehala jaitsiko gara Zirikolatzeko errekara, beste elektra-kable batzuen azpitik iragan ondoren. Ibilaldia egiten dugun garaiaren arabera, zaila izanen zaigu erreka pasatzea, biziki emaritsu etortzen baita, batez ere neguan. Baina udaberrian egiten badugu, ez dugu arazorik izanen erreka zeharkatzeko eta goiti igotzeko pistatik. Ibilalditxoaren zati honetatik Larrungo islaz gozatuko dugu urrunean, Azkaine aldera agertuko zaigularik.
Senpere eta Arbona lotzen dituen errepideraino iritsi baino lehen iparraldera sortzen den pista segituko dugu, landa batera atera arte. Hau zeharkatuz, berriro errekara jausten den pista atzemanen dugu, baserri batera doana.
Errekaren ondotik doan bidezidorra jarraituz, Zirikolatzen sartuko gara, bere sakonean murgilduz. Errekaren ibilbide bihurgunetsutik eta elektra-kable batzuen azpitik igaroz, hastapenean erreka zeharkatu dugun lekura helduko gara.
Aise itzuliko gara abiapuntura. Leku honetan, hain zuzen, lehen aipatu historiaurreko aztarnen adibide bi zeuden. Hauetarik bat, egun erabat ezabaturik dena, harri-metatzez osaturiko zirkulu bat zen; bere erdigunean harri bakar bat besterik ez zuena, nehongo errautsik gabe.
Azken datuok, pentsarazten digute oroitarri hau zenotafio edo hilobi hutsa dela, desagertu den pertsonaren oroimenez eraikia, gorpua agertzen ez zelako. Aztarnok eraiki zituen jendea idazketarik gabeko herri batekoa zen, ulertzeko zailak diren lekukotasun materialak utzi dizkiguna