argia.eus
INPRIMATU
ONDALAN SASOIA
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Hostajea galtzen duten landareen neguko barealdi hau da batetik atera eta beste nonbaitetan landatzeko aproposa. Urteko egunik motzenak eta gaurik luzeenak diren honetan, argitasuna eta tenperatura eraitsita daude. Su-egur pilari astindu bat emateaz gain, beste zura batzuk dantzatzeko sasoirik egokiena ere bada. Aitzurrraren kirten edo kiderreko lizarra, adibidez.
Errioxarrek dioten eran, ondalanak egin eta mahatsondo berriak sartu behar dira orain. Ondalana nik ezagutzen dudan nekazaritza-lan txarrena izango da. Ondiaitzurra hartu eta, ihartu edo behar baino mahats gutxiago ematen duen landarea ipurditik eta sustrai handienak ahal den ondoenetik ateratzea da ondalana. Kubikoa baino handiagoko zuloak egiteko gauza dira... Sustraiak hain ondotik atera beharraren arrazoiaz behin baino gehiagotan galdetu dut, ez alferrik! Agintzen duen aitonak horrela eginda ikusi nahia da gehienetan erantzuna.
Nire iritziz, sustraiek lurrean eragiten duten aldaketa kimikoa deuseztu eta jartzen den landare berria luberrian balego garatu dadin egiten da. Ehunka urtetan landare berdina elikatzera ohitu den lurra ondo asko ezagutzen duenaren nahia da bai, ondalan sakona eskatzen duen aitonarena.
Ondalan sasoi honetan horrelako zuloa egiteko sasoiko gaztea aitontzen denean ere, ondalan asarre horiek ikusi nahi dituela aginduko ahal du. Aitona sustrai horiek erreaz berotuko baita. Gaztea, berriz, ondalanean. Horretan edo besteren batean; bilatuko du bai!