argia.eus
INPRIMATU
DIETA MEDITERRANIOA
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Jan-neurri edo dieta mediterranioa, oliba-olioan aberatsa, gantz saturatuetan pobrea eta karbohidrato nahiz zuntzetan ez oso aberatsa eta ezta oso pobrea ere den dieta, horixe da jan-neurririk onena diabetikoentzat (intsulinaren aurrean dituzten erresistentzi arazoei aurre egin ahal izateko) eta baita paziente hipertentsoentzat ere, Europako Arterosklerosi Elkarteak burutu duen bere urteroko topaketan esan zen bezala.
Jan-neurri mediterranioak diabetikoetan gertatu ohi den lipoproteinen kontzentrazio-gehitzeak jaitsi edo murrizten ditu, odolean glukosaren kontrola (edo gluzemia) hobetzen du eta intsulinarekiko sentikortasuna gehitu egiten du, Mancini irakasle italiarraren ustez.
Mancinik, bere ikerketa taldearekin batera, Italia osoan egindako azterketan 6.000 pertsona hartu zituen, eta zera ikusi zuen: kolesterol-mailak askoz ere baxuagoak zirela beren jan-neurrian oliba-olioa erabiltzen zuten pertsonetan. Zenbat eta altuagoa izan oliba-olioaren kontsumoa, orduan eta baxuagoa da azukre-maila odolean, baraurik egonik, dio Mancinik. Eta oliba-olioan, berez aberatsa den dieta batek babes handia eskaintzen du arterosklerosiaren arrisku-faktore nagusien aurrean.
Arterosklerosi Elkarteak egindako topaketetan horixe gomendatu zien Mancinik bere lankide europarrei: eska diezaietela beren pazienteei karbono-hidratoak oliba-olioarekin ordezkatzea, honek dakartzan mesede eta onura ukaezinak ikusirik