"Beldurra beti dago hor, baina nire barruko egonezinak gainditzen nau"


1996ko azaroaren 24an

Zure hurrengo diskoa Ibon Koteronekin elkarlanean prestatu duzu. Non du jatorria?

Aspaldidanik buruan nuen egitasmoa da. Maitasun berezia diot albokari, eta Leon Bilbaori batik bat. Leon Bilbaorekin batera Fasio eta Mauriziarekin harreman ona eduki nuen. Albokara hurbilketa izan zen. Beste belaunaldi bateko jendea izan arren oso jende irekia zen eta gure musika erabat onartu zuten. Beste zenbait sektorek okerrago hartu zituzten gure ideiak.

Ibon Koteron ezagutzeko parada izan nuen. Bera ni bezala bilbotarra izanik oso kasu bitxiak gara, Bilbo bezalako hiri batean, gure garaian behinik behin, musika tradizionala jorratzea oso arraroa zelako. Proiektua egitea proposatu nion eta Oskorrik eta Leon Bilbaok albokari emandako tratuak bide hori jorratzera eraman gaitu.

Baina albokaren ezaugarriak oso bereziak dira...

Bai. Nota kopuru mugatua du eta, gainera, ez dago inongo konposiziorik. Guk sortu behar izan genituen kantu guztiak, herri-musika izanik ardatz bakarra, Oskorri eta Leon Bilbao ahaztu gabe. Bi hauek izan dira alboka hobekien landu dutenak. Zoragarria da Oskorriren «Ezpatadantza» kantuan albokak duen indarra.

Eta zer esango digu «Leonen orroa»k?

Zati bat Madrilen grabatu genuen, Luis Delgadoren estudioan, eta gainerakoa Elkarren. Diskoaren oinarria perkusioak, trikitixak eta albokak osatzen duten hirukotea da. Talde handia bildu dugu: Oskorriko Natxo de Felipe, Anton Latxa eta Bixente Martinez; Tomas San Miguel teklista, Javier Paseriñaren flauta, Jose Miguel Budiña gaita-jole galiziarra, Rafa Martinek zanfoña jotzen du, Maixa eta Ixiar ahotsetan, Leturia panderoan... lana biribildu dute guztiek.

Zein alde du zure aurreko lanetatik?

Ezaugarri nagusia albokarekin egina dagoela izan da. Nire zazpigarren lana da hau, nahiz eta aurrekoa Julio Pereirarekin elkarbanatu eta beste bat Riccardo Tesi eta John Kirkpatrickekin. Lan oso ezberdinak egin ditut nire ibilbidean, batzuetan orkestra tradizionalagoekin, jazz kutsukoekin beste batzutan, rockera gehiago hurbiltzen direnekin... Alboka sarkorra da eta lan honen ardatza bada. Albokaren mugak aintzat hartuta, lan oso pertsonala egin dugu.

Zer bilatzen zenuten lan honekin?

Lan mordoa egin genuen eta bertatik aukeraketa. Hamasei pieza hautatu ditugu. Nik hamabi egin ditut, bi Ibonek eta beste biak elkarlanean egin ditugu. Melodia berriak sartu nahi izan dizkiogu albokari, gainerako instrumentuekin konbinatu...

Zure lanetan etengabe dago esperimentazio ukitu bat. Ez zara esperimentu hutsean gelditzearen beldur?

Beldurra beti dago hor. Baina nire barruko egonezinak gainditzen nau. Proiektu berri bakoitzaren aurrean zein erantzun izango dudan ez dut jakiten, baina ez naiz itsu-itsuan murgiltzen. Alde horretatik, Oskorrirekin lan egiteko aukera izan dudanez gauza asko ikasi eta ikusi ditut, gero nik horiek jorratzeko. Tomas San Miguel edo Leon Bilbaoren lanek ere horretan asko lagundu didate, oinarri bat izan dira. Albokarekin disko bat egiteak arriskua zekarren niretzat. Orain jendeak eta kritikak entzun behar du eta eurek erabakiko dute.
Trikitixa beste musika-tresnekin nahasterakoan ez al da bigarren mailan geratzen, beste bat gehiago balitz bezala?

Nire karrera orokorrean ikusten dut. Ez dut rock talde baten dinamikatik ikusten, adina edo irudiarengatik modaz pasa daitekena. Produkzioan eta ideietan ere parte hartzen dudanez, nire lana trikitixa baino zerbait gehiago ere bada. Lan hauek sarritan ez dira ikusten. Musika-tresnajole soila baino gehiago banaiz. Zuzenean nire kontzertuak entzutera joaten dena behar bada harritu egingo da, diskoa hotzagoa delako, dena dago neurtuagoa...

Lan-dinamika horrek ez dizu dezepziorik eragin?

Orain arte ez. Nik esperotako bideetatik joan dira gauzak. Lan hau jendaurrean aurkezteko aukera edukitzeaz harro nago. Julio Pereira munduan dagoen musikaririk garrantzitsuenetakoa izanik, berarekin diskoa grabatzeko aukera edukitzea ohorea da niretzat, baita orain alboka jotzen trebeena den Ibon Koteronekin jotzea ere. Gainera, gure disko xume honetatik Leon Bilbao, Fasio eta Maurizia omendu ahal izateak nola eragingo dit ba dezepziorik? Hauen musika entzute hutsak emozioa eragiten dit.

Trikitixa orain mende bat pasatxo sortu zen. Euskal Herrian aldiz, eboluziorik eta iraultzarik nagusiena azken hamarkadan izan du. Zein neurritan uste duzu izan zarela horren `errudun'?

Garai hartan ez nintzen gertatzen ari zenaz jabetzen. 1986 eta 1988ko txapelketen ondorioz izan zen batik bat. Erantzule bakarra baino, faktore ezberdinek eragin zutela iruditzen zait. Batetik, musika-tresna hauek hiritan sartzen hasi ziren, inguru urbanoan. Ikuspegi ezberdina izaten da hemen. Ordura arte baserri eta herri txikietako giroetara mugatu zen trikitixa eta zabaltze horrek ere eraginik izan zuen. Hirietan jende gazteak kontzertu gehiagotara joateko aukera du, estilo ezberdin gehiago ikusteko, jasotzeko... Ikasteko aukerak ere handiagoak dira eta horrek ere ideia berriak sortzeko orduan laguntzen du.

Nitaz gain Oskorri edota Joseba Tapia hor egoteak eraginik izan zuen. Trikitixaren eklosioa izan zen. Denbora asko pasa beharko da berriro ere antzeko zerbait gerta dadin. Garai ia ideala izan zen niretzat, iragana eta korronte berrien uztartze bat izan zen. Baina gertatzen ari zenaren kontzientziarik ez genuen.

Kritika gogorrak jaso zenituzten bere garaian...

Oso kritikatuak izan ginen. Gure ideiak ez ziren trikitilarien ezaugarrietan sartzen. Trikitilari batek nolakoa izan behar zuen jendeak argi zuen, inkonszientean bazen ere. Guk gure lanak aurkeztu genituen urte askotan akordeoi-joleek konposatutako esparru batean. Trikitixa eskuetan nuela konposatzeagatik kritikatu ninduten batik bat.

Niretzat harrigarriena hori zen: trikitilariak ez zirenek egindako kantuak jotzen zituztela eta nireak, aldiz, ez zituztela onartzen. Ez dut ezer hauen aurka, are gehiago, zoratzen naute. Pepito Iantzik asko konposatu zuen trikitixarako eta oso gauza politak egin zituen.

Beharbada, kritikez baino bitxikeriez hitz egin behar da. Liskarra sortu zen arren ez nuen hori bizi izan, ez nuen niri zegokidan zerbait bezala hartzen. Nire errepertorioa asturiarra zela aipatu izan zen. Arrazoi nagusia izan zen norberak bere kantuak aurkeztea ohikoa ez zela. Bi korronteen arteko talka izan zen eztabaidaren arrazoi nagusia. Ez dut arazorik izan sekula. Are gehiago, Gipuzkoa eta Bizkaiko erromerietan ibili nintzenean, jendeak gustura dantzatzen zuen, harrera abegikorra egiten ziguten.

Aldaketa zu ia ohartu gabe izan zela aipatu duzu. Ez al da komenigarriagoa gauzak poliki-poliki aldatzea?

Beharbada bai. Ez dakit. Zazpigarren diskoa da hau eta aukera izan banu beste hainbeste aterako nituzke. Pazientziarik ez dudala onartzen dut eta ondorioz, ongi pentsatutako politika batekin, estrategikoago batekin apurtzen dut. Ahal izan dudan guztia atera dut, ateratzen utzi didaten guztia. Eskaintza ugari egin ditut: akordeoiekin soilik osatutako akustikoa kaleratu nuen, hor ateak zabalik utzi nituen bideari ekiteko; jazz musikariekin beste proiektu batean aritu nintzen, Julio Pereirarekin izandako esperientzia, bide tradizionalera gehiago hurbiltzen diren lanak... Bide oso ezberdinak izan dira, elkarren artean uztartzerik daudenak, ikertzen jarrai daitekena. Arrazoi ezberdinengatik beste bide batzuk aukeratu izan ditut.

Zuk aukeratutako bideak, hala ere, ez ditu molde zaharrak baztertzen...

Antzinako trikitixak zoratzen nau. Trikitixa disko bat aukeratzeko esaten baldin badidate, musika estilo guztietan aritzen direnei nire errespetua erakutsiz Leon, Fasio eta Mauriziare n bat, Iturbideren bat edota Laja eta Landakandaren bat aukeratuko nituzke. Emozioak sortarazten dizkidate, oilo-larruan jarri. Horrek guztiak ez du beste gauzak egitea baztertzen. Garaiek eta jendeak horretan asko eragiten dute. Musika garatuz doa. «Zer dagoen ongi eta zer gaizki» eta «hau edo beste» entzun behar dela esatea ez zait gustatzen. Bakoitzak nahi duena entzun behar du, benetan zirrararik sortuko diona.

Euskal Herritik kanpo asko atera zara. Zein harrera izan duzu?

Maila altua dagon jaialditan egon izan naiz, Azoreetan berriki. Jendeak harrera oso ona egin izan dit. Etxean zaudenean, ezagunen aurrean, gehiago kostatzen zaio jendeari zure lana baloratzea. Kanpoan izan naizenean esperientzia oso positiboak izan dira ez bakarrik niretzat, baita bertako jendearentzat ere. Gustura joaten naiz kanpora. Egun, gehiago jotzen dut kanpoan hemen baino. Arraroa da kanpoan Gipuzkoan baino gehiago jotzea, Gipuzkoa baita trikitixaren kabia, azken urteotan behinik behin. Ez dut arazorik kanpora ateratzeko, berandu baino lehen ni ikusteko aukera izango dutelako. Dudan pena bakarra da proiektu ezberdinetan parte hartu dudanez horiek jendeak ezin izan dituela ikusi: banda batekin, bakarlari batekin... Nire lana alderdi bakar batean ikustea da tristeena.

Zer bildu duzu kanpoan ibili zarenean?

Esperientzia guztiak jaso ditut. Musika jotzera kanpora irten aurretik ere musika entzunez nahikoa bidaiatu nuen. Emari ona izan da hori. Jende horrek duen energia, jakituria jasotzen duzu. Milaka musikarik liluratzen naute eta hauek ezagutzeko aukera dudanean, esperientziak elkartrukatzeko eta mintzatzeko parada dudanean energia positibo izugarria ematen dit, proiektu berriei ekiteko gogoa piztu.

Modu ezberdinean jorratzen da hemen trikitixa?

Denetarik dago. Herri bakoitzean bertako folklorea nabaritzen da, hemen beharbada apur bat gehiago. Musikaren bilakaera gisa hartzen dute batzuek beren lana eta ohiturak berreskuratzen jarduten dute beste batzuek. Herri txikia gara eta hutsik handiena belaunaldi ezberdinen faltan dago. Poliki-poliki irekiz joan behar dugu, beste kulturetako jendearekin nahasi...
Mestizaia hori nola gauzatu?

Ez du zertan mestizaia izan behar. Agian beste kultura bateko ekarpena soilik egin nahi du norbaitek, hemengoarekin nahasi gabe. Horrek balekoa izan behar du.

Euskal kulturari zer ekarpen egin diezaioke honek guztiak?

Euskal kulturaren parte osooso txikitzat dut nire burua. Niri dagokidanez asko lagundu dit eta nire proiektuetan erabakigarria izan da. Beharbada beste arlo batzuetan kalte gehiago eragin ote diote beste batzuei.

Hainbat jende ezagunekin lan egin duzu: Carlos Nuñez, La Musgaña, Jlio Pereira, The Chieftains, Tomas San Miguel, Oskorri... Belaunaldi berriek hori jasoko al dute?

Oso zaila da. Hainbeste informazio dago, ezen dena jasotzea zaila izaten dela. Musikatik eta musikarako bizi naiz, egun guztia horretan dihardut eta, hala ere, nahikoa ez den inpresioa izaten dut. Urte asko beharko dira informazio hori jasotzeko eta kulturak leku hori har dezan. Argentinako tangoetan garrantzia izan duen Hector Piazzolaren bizitzaren lana irakurtzen ari naiz eta duela hainbat urte hil zen arren gauza asko deskubritzen ari naiz.

Trikitixa beste edozein musika-tresnarekin elkartu daitekela frogatu duzu.

Oskorrik izan du errurik handiena. Barruak agintzen didana egiten dut. Oskorri izan da aitzindaria neurri handi batean, bidea zabaldu duena, beste herrietako musika ahaztu gabe. Begiak eta belarriak adi izan behar dira. «Frogatu» hitzak beldur ematen dit. Sentitzen dudana egin izan dut beti, nire ukitu pertsonala erantsiz.

Euskal musikariak sarritan kanpora ateratzeko dauden zailtasunez kexatzen dira. Zuk muga hori gainditzea lortu duzu. Beharbada kantuetan hitz gutxi edukitzerakoan hizkuntza bigarren maila batean geratzen delako?

Kanpoko jendeari galdetu beharko litzaioke hori, gure buruari galdetu ordez. Mundua oso handia da eta aztertu beharko genuke euskaldunak nola iristen garen beste kulturetara, beste tokietara. Gure baitan ere arazo hori dago. Zenbat talde ezagutzen ditugu Kataluniakoak edo Galiziakoak edo beste toki baten batekoak? Adibide puntualak izaten dira. Beste kulturak ezagutzen ez ditugun heinean ezin dugu horrelako kexarik azaldu. Ateratzea ez da hain erraza.

Hitzak gutxi erabiltzen dituzu zure kantuetan. Hala ere, erabiltzeko orduan jende esanguratsuarengana jo izan duzu.

Abeslaria ez naizenez, hori egiteko eta prestatzeko orduan erraztasuna galtzen da. Instrumentista naizenez beste ikuspegi batekin egiten dut lan. Bertsolari eta poetengana jo izan dut: Xabier Amuriza, Jon Sarasua, Edorta Jimenez... Hauek jaialdietan ezagutu izan ditut, kultura mugimenduko kontuetan... eta harremanak eta ideiak sortzen dira. Horri dagokionez ezin dut gauza handiegirik esan, nik musikan jartzen ditudalako nire indar guztiak. Hitzak norbaiti eskatzen baldin badizkiot, pertsona horrengan konfiantza osoa dudalako da. Oskorrirekin askotan lan egin izan duen jendea da. Horrek segurtasun nahikoa eman izan dit, bai euren lanari dagokionez eta eurei ere nire lana atsegin zaielako.

Entzuleak erakartzea ez al da zailagoa hitzik gabeko musikarekin?

Kantu batek zer dioen ez ulertzea ez zait inporta. Musika instrumental asko entzuten dut. Lengoaia bat bada hori. Musika instrumentalak bokal eta silaba nahikoa badu. Batzuentzat, aldiz, hitzek musikalitatea badute. Musikari askoren ustez hitzek musikak baino garrantzi handiagoa dute.

Autodidakta izan zara ikasteko orduan. Hala ere, trikitixa irakasteko metdoa prestatu duzu. Zertan oinarritzen da?

Alde akademikoak ez ninduen erakartzen eta nire metodoa osatu nuen. Ezkerreko eskuarekin ohiko hatzekin jo beharrean beste birekin jotzen dut. Eskuaren erabilera osoa egiten dut, ohituraz hala izan ez bada ere. Nik landutako eskalak, alderdi teknikoak... sartu ditut. Musikatik bizitzea zaila denez, metodo bat idatzi nuen klaseak emateko orduan nire ikasleek partiturak etxera eraman zitzaten. Argitaratu gabe dudan arren, solfeoa eta antzinako teknikak uztartzen dituen lehen metodoa da.

Trikitixak jai-giroko ukitua duela aipatzen da sarritan. Zure musikak ez al du hori galdu?

Edozein trikitixak dantzatzera eramaten zaitu. Badaude beste musika batzuk beste arlo batzuetara eramaten zaituztenak. Lanean denetarik egin dut. Berez lotsatia izateak eragina izango du horretan, nahiz eta nire burua alaitzat eduki. Sarritan bakarrik sentitu izan naiz trikitixaren munduan, inguruan ez nuelako inongo laguntzarik. Euskal Herria trikitixaren eskutik ezagutu dut. Orduan zaila zen euskal kultura ezagutzea, nahiz eta aitonak eta amak panderoa jo. Euskara ez ezagutzea ere zailtasuna izan zen.



Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude