Bertsolari Elkartea bertsozaleena bihurtu izanak zuengan eraginik izan al du?
Orain arteko lanaren jarraipena izan behar du horrek. Elkartea ez da soilik bertsolarien kontua eta bertsozaleek ere osatzen dutela argi gelditu behar da. Bertsolari izateko lehendabizi bertsozale izan behar da.
Bertsolaritza gizartera hedatze lanean zein betekizun izango duzue bertsolariek?
Bertsolarien eguneroko lanaren barruko zerbait da hori. Bertsolaritza gizartera zabaltzen inork saiatu behar badu, bertsolaria da hori.
Saioen bidez soilik, edo bestela ere bai?
Saioan bertan eta hauen aurretik eta ondoren antolatzaileekin eta herriko jendearekin izaten diren harremanek horretarako asko balio izaten dutela iruditzen zait.
Bertsozaleak zer egin dezake honetan guztian?
Lehenik, jendea hurbilarazi behar da. Jendeak zer dagoen hurbiletik ikusten duenean gauzak errazago ulertzen ditu eta orduan hasten da egitasmoaren parte izaten. Zailagoa da lehen pausua ematea.
Gizarteak bertsolaritzaz eta bertsolariez duen iritzia jakin nahi du Elkarteak. Nola iruditzen zaizu ikusten zaituztetela?
Bakoitzak bere iritzia izango du. Hurbilekoa delako, kantatzeko moduagatik... bat edo bestea gehiago gustatuko zaio jendeari. Baina bertsolaritzaz duten ikuspegia da garrantzitsuagoa. Hamar urte hauetan egin dena oso garrantzitsua izan da arlo guztietan. Gauza asko egin dira eta egiteke ere mordoska bat gelditu dira. Horiek egiteko asmoarekin jarraituko dugu aurrera.