argia.eus
INPRIMATU
Fernando Etxepare
"Hemen ahots onak ditugu, baina baliabide gutxi"
  • FERNANDO Etxepare Gomez dugu Irungo Enara emakume abesbatzaren zuzendaria, Lehiaketan parte hartuko duen euskal ordezkarietako bat.

2007ko otsailaren 21a

Nola sortu zen Tolosako Lehiaketan parte hartzeko aukera?

Abesbatzari lan eginarazteko irrikagatik. Bi edo hiru urtez behin nazioarteko lehiaketa batean parte hartzen dugu. Azken bi urteotan Donostiako Musika Hamabostaldian izan gara eta 1991n Arezzon irabazi genuen. Tolosan parte hartu genuen azken aldian, 1982an, irabazi egin genuen.

Zerbait etxeratzeko itxaropenik bai aurten?

Itxaropena beti hor dago. Aste osoan lanean ari gara. Badakit kalitate handiko taldeak datozela.

Ezagutzen al dituzu?

Ez, ez ditut entzun. Adibidez Kieveko (Ukrania) ahots zurien taldea oso ezaguna da, Norvegiatik datorrena ez da txarra izango, Alemania, Estonia eta leku horietakoek maila altua izango dute...

Zein dira Tolosarako prestatu dituzuen obrak?

Antolakuntzak baldintza batzuk jartzen ditu eta hogei minututan lau mendetako musika eskaini behar duzu. Polifonian XV. mendeko obra bat, XIX. mendeko bi eta XX. mendeko beste bi interpretatu behar dira. Folklore sailean denak euskaraz kantatuko ditugu: Sorozabal, Tomas Aragues, Enrique Ugarte (behartua, oso interesgarria), Emile Cossetto (Tolosako konposizio lehiaketan saritua, euskaraz) prestatu ditugu.

Zein izaten dira zurea bezalako ahots zurien abesbatza baten arazo nagusienak?

Ahots nahasientzako baino partitura gutxiago daude ahots zurientzat. Hemengo abesbatza gehienak afizionatuak dira eta hori da arazo nagusiena. Alemanian izan naiz lanean askotan eta han ia profesionalak dira. Heziketa oso ona dute. Euskal Herrian ahots onak ditugu, baina baliabide gutxi. Asko abestu eta entsegatu behar da. Orain adibidez kontzentrazio bat egitea gustatuko litzaidake, baina abesbatza afizionatu batekin ezinezkoa da, profesionalekin bezala ezin dut prestatu.

Zer esan nahi du Tolosako Lehiaketak zuentzat?

Besteen maila ikusteko baliagarria da, baina engainagarria da. Kantatzen dutena ikus daiteke, baina ez urte osoan nola egiten duten lan. Neurri bateraino da interesgarria.

 

JOXEMI SAIZAR