Euskal kultura zibernetikoa


1996ko irailaren 15an
Euskal kultura internet-en Caroline Phillips abeslariaren eskutik
Euskal kultura zibernetikoa
Interneterako euskal kulturaren orriak prestatzen ari da Caroline Phillips kantaria
INFORMAZIO mota oro lor daiteke internet orrietan barrena. Zerbitzuak eskuratu, edozein produktu erosi ala saldu, informazioa jaso... aukerak anitzak dira. Euskal kulturaren inguruan orri ugari izan arren, musika eta literatura modu zabalean jorratzen duten atalik ez dago sarean.
Caroline Phillips abeslaria, Estatu Batuetako San Francisco hirian jaioa da. Parisen musika ikasketak egiten ziharduela Mixel Ducau kantaria ezagutu eta elkarrekin bizi dira orain. Bere eskutik izan zuen euskal musika eta kulturaren berri eta hau zabaltzeko lanetan buru-belarri dabil azken boladan.
Euskal Herritik kanpo euskal musika eta kultura ezezagunak direla ongi daki berak. «San Franciscon jaioa naizenez, bertako euskaldunen bidez eduki nuen Euskal Herriaren berri. Hala ere, hauek ez dute ongi ezagutzen hemengo kultura eta informazio gaurkotua behar dute», Phillipsen esanetan. Xede hauek guztiak lortzeko, punta-puntako teknologia erabiliko du: internet sarea.
Urte berriarekin batera
EGITASMOA abian da eta dagoeneko zenbait orri aurki daitezke ordenadorean sartuz gero. «Azaroaren hasierarako espero genuen musika eta ahozko literaturaren orria bukatzea, baina dirulaguntzak berandu iritsi direnez, urtarrilako lehenengoetarako izango da».
Euskarazko produkzio orok izango du bere lekua orriotan. Hasi musika herrikoietik eta rock garaikidera bitarteko estilo eta talde guztien berri izango da. Abesbatzek eta musika klasikoak ere euren tartea edukiko dute. Hauen ibilbidearen berri eskaintzeaz gain, beren lanen azalpen txikiak agertuko dira, argazki, aurkezpen labur, harremanetarako helbideekin eta euren kantuetako zenbait zatirekin batera.
Hau guztia gutxi balitz, lan hauek erosi nahi dituenak eskuragai izango ditu. Horixe baita proiektuaren bigarren ardatza, komertziala.
Caroline Phillips egitasmo honen egilearen kezkarik handiena, hala ere, jende guztiarengana nola iritsi da. «Euskal diaspora gainditu nahi dut; hauetaz gain, Euskal Herriaren berririk ez duenak, gure kultura ezagutzeko urratsak eman ditzala». Baina honetarako interneteko orrietan publizitatea sartu beharko litzatekela gaineratu du: «Publizitatea oso garestia da. Hilabetekoa 20.000 libera (500.000 pezeta inguru) kostatzen da. Hori finantzatuko duen norbaiten bila nabil», azaldu du Baionan bizi den kantariak.
Urte berrirako, musikarekin batera ahozko literaturaren berrikuntza nagusiak jasoko dituzte interneteko hartzaileek. «Bertsolaritzak eta kontagintzak osatzen dute atal hau. Bertsolari zein kontalarien aurkezpena irudi eta zati grabatuekin dator, bertsolaritzaren teknikak, bertsolari garrantzitsuenak eta zenbait bertso bildu ditut. Kontagintzan bestalde, ipuin kontalariak agertuko dira, Euskal Herriko ipuin tradizionalak, txisteak, han eta hemengo istorioak, eta kantariekin bezala, hauekin harremanetan jarri nahi duenarentzako helbide agenda», azaldu du Phillipsek.
Datorren urterako, berriz, literaturako idazle klasikoen zein garaikideen informazioa eta idazlanak jaso ahal izango dira eta baita artista garaikideena ere: dela pintura, dela eskultura, edo edozelako beste arte.
Laguntzak non-nahi
DANIEL Landartek bertsolaritzaz egindako liburu bat hartu du oinarri informazio hau osatzerakoan. «Zaila da bertsolaritza zer den eta nola egituratzen den azaltzea, baina liburu honek azalpen argiak eta ulerterrazak eskaintzen dituenez kontuan hartu dut». Ez da hau hala ere, aintzat hartu duen iturri bakarra. Iparraldeko zein Hegoaldeko Bertsozale Elkarteekin jarri da harremanetan eta elkarlanean arituko dira.
Beste bide askotatik ere atxikimena erakutsi diote hainbat taldek Euskal Artistak izeneko elkarte berriari: «Abesbatzen Elkarteak, Juan Mari Beltranek, Elkar argitaletxeak, IZ disketxeak, Euskal Kultur Elkarteak, Euskal Kantarien Elkarteak, Iñaki Salvadorrek... lagunduko didate. Edozein artistarentzat dago zabalik, bere aportazioa egin nahi badu».
Horrelako egitasmoetan dirulaguntzak nahitaezkoak izaten dira eta alde horretatik ere ez dabiltza gaizki. «Ideia otu zitzaidanean, urtarrilean EEBBetara egin nuen bidaiatik bueltan, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuordea den Amaia Rodriguezekin hizketan egon nintzen, Baionako Komertzio Ganbararekin eta Elkar argitaletxearekin. Guztiek ahal bezala lagunduko zutela esan zidaten eta ekin niezaiola proiektua garatzeari».
Eusko Jaurlaritzaren eta Akitaniako Kultura Sailaren dirulaguntza du eta Akitania-Euskadi hitzarmenean sarturik dago proiektua. «Elkarrek eta Euskal Artistak erakundeek elkarrekin egin beharreko lana denez hemen sartzerik izan dugu, Iparraldeko eta Hegoaldeko talde banak parte hartu behar baitu derrigor», argitu du Phillipsek.
Internet guztien ahotan dabilen kontua izan arren, oraindik ez dago etxe guztietara hedatua. «Frantzian 500.000 pertsonengana iristen da eta Estatu Batuetan %15a dago konektaturik. Ez da hain esparru txikia, kontuan harturik hauetako gehienek egunero egiten dutela sartzea». Ipar zein Hego Amerikako zenbait euskal etxetan bada interneta eta gune interesgarria da hau Caroline Phillipsen esanetan.
Gutxituen artean aitzindari
KULTURA gehienek dituzte euren orriak interneten. Euskal Herria bezalako herri txikiek, ordea, ez dute horrelakorik, ez behintzat Phillipsen esanetan hain neurri zabalean. «Apika, Quebecekoa izan daiteke aipagarria, baina ez prestatzen ari naizena bezalakoa, hangoak antza gehiago baitu orain arte hemen egin denarekin».
Ez du uste kasualitate hutsa denik «euskal kultura arlo honetan aitzindari izatea, egoera oso berezia baita hemengoa, asko kantatzen da hemen. Ni kantaria naiz eta inoiz ez dut hain giro onean kantatu. Jendeari bere hizkuntza entzutea atsegin zaio. Baina bereziaz gain, hemengo kalitatea oso ona da. Parisen ez da Euskal Herriak duen musika mailarik», erantsi du Baionan bizi den kantariak.
Horrelako egitasmoek denbora eta lan handia eskatzen dutenez, musika bigarren maila batean utzi du denboraldi baterako Caroline Phillipsek. «Gauza batean hasten naizenean buru-belarri izaten da eta orain ezin dut musikarik konposatu. Lau abesti berri prestatu ditugu Mixelek eta biok, baina orain bestelako proiektuetan gaude. Familia, lana, musika... denetara ezin iritsi».
Zuzeneko emanaldietan eta diskoan entzuteaz gain, Caroline Phillips eta Mixel Ducauren kantuak entzuteko aukera berria dago: http:// ourworld. compuserve. kodearen bidez Interneten murgilduz.
JON ABRIL
42-44

GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaBesteak
GaiezKulturaKulturgintz
PertsonaiazPHILLIPS1
EgileezABRIL1Kultura

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude