Ainhoa Goikoetxea: «Iriondorekin kontrastatuko zuen neska nahi zuten»
1996ko irailaren 15
Ainhoa Goikoetxea "Aire Aire" saioko aurkezleari elkarrizketa
Ainhoa Goikoetxea: «Iriondorekin kontrastatuko zuen neska nahi zuten»
Radio Euskadin hasi zinen ikusentzutekoen munduan, ordutik honako ibilbidea luzea izan duzu baina.
Hemezortzi urterekin Radio Euskadiko telefonista lanean hasi nintzen, beranduago irrati berean kirol saioetan aritu nintzen. Irratikoak batzutan telefonoan eta besteetan mikrofonoaren aurrean ikustean txundituta geratzen ziren. Bitartean hainbat ekoiztetxetara kurrikuluma bidali eta casting-etara aurkeztu nintzen. Telebistako lehen esperientzia «Hori da arrazoia»n izan nuen, orduko lana kameren atzekoa izan zen ordea. Oraingoa da kameren aurreko lehenengo lana, «Aire aire»ko frogetara aurkeztu ginen hamabiren artean aukeratu ninduten.
Bizkaieraz aritzen zen neska behar omen zuten
Bizkaiera jakitea zen eskatzen zuten baldintzetako bat. Baina batik bat Joxe Mari Iriondorekin kontrastatuko zuen neska gaztearen bila zebiltzan. Uda partean hainbat komunikabideetan nik freskotasuna eta Joxe Marik esperientzia jartzen zuela esan dute, horixe da lortu nahi zena.
Neska polit eta alaiaren funtzioa al da zurea?
Ez dut uste horrela denik. Joxe Mariren ondoan kontrastatuko zuen aurkezlea nahi zuten. Ez dut uste gure gidoilariak, Mixel Gaztanbidek neska politaren funtzioa bete arazi nahi didanik. Joxe Mari eta biok aurkezten dugu, bakoitzak bere ikuspuntuak ditu, baina oso ondo moldatzen gara.
Orain arte grabaturiko saioak izan dira, laster zuzenenan hasiko zarete, aldaketarako beldurrez?
Urriaren 9an izango dut lehenengo zuzeneko saioa. Beldur piska bat badut, esperientzia hartu arren urduritasuna beti mantentzen delakoan nago. Hala ere, lantalde bikaina ari da nirekin lanean eta oso gustora ari naiz.
ARRITXU ZELAIA
49