argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Alzaga Irusoin
"`Goenkale' euskaraz, erdaraz baino garrantzitsuagoa da"

1996ko abuztuaren 04a

«`Goenkale' euskaraz, erdaraz baino garrantzitsuagoa da»

Irailaren 2an hasiko da «Goenkale»ren gaztelerazko bertsioaren lehen atala. Oraingoz 80 atalen gazteleratzea hitzartu dute. Irusoin ekoiztetxea arduratuko da «Goenkale»ren bikoizketaz. Iñaki Alzaga, Irusoingo gerenteak argitu dizkigu bikoizketaren nondiko norakoak.

Azkenean, tira birak izan ondoren, zeintzuk bikoiztuko dute «Goenkale», bikoizlari profesionalek edo telesaileko aktoreek?

Bikoizlari profesionalek eta saioko aktore batzuk hartuko duten parte. Azken erabakia hartzeko dago, baina ziurrenez «Goenkale»ko antzezle bik hartuko dute parte oraingoz, Kontxu Odriozola eta Niko Lizeaga. Atalek aurrera egin ahala, erabakiko da zeintzuk izango diren parte hartuko duten beste aktoreak. Dudarik gabe, bikoizlari lanean aritzen diren aktoreak ere sartuko dira.

«Goenkale»ren euskara erregistro aberatsa sarritan aipatu izan da, gazteleratzerakoan zer gertatuko da horrekin?

Bikoiztean gauzak sinplifikatu egiten dira, hala ere aberastasun hori mantentzeko bitarteko egokiak jarri ditugu. Baina, askotan euskaraz hain gogorrak direla ez diruditen hitzen itzulpena literalki egitean, askoz ere gogorragoak dirudite. Horrelakoak zaindu behar dira.

Audientzia kontutan erdarazkoa euskarazkoaren lehiakide izango al da?

ETBrentzako euskarazko bertsioa da garrantzitsuena, eta hori argi eta garbi utzi digute. Lehenengo 80 atalak bikoiztea da erabakitakoa, baina euskarazkoak audientzia galtzen badu gaztelerazkoarekin ez da jarraituko. Erdarazko bertsioaren bidez hedapena handitu eta beste merkatu batzuetara eta heltzea da asmoa.

«Goenkale»ko giroa eta euskara uztartuak daudela esan izan da, gaztelerak etena sortzeko beldurrik ez al duzue?

Nik ezetz esango nuke, gaztelerara itzuli arren bere nortasuna mantendu egin behar da. Erdaraz hitz egin arren pertsonai berdinak dira, ingurune berdinean. Euskaldunak erdaraz hitz egiten izango dira, kostaldeko herri batean hitz egiten den moduan hitz egingo dute.

 


ARRITXU ZELAIA