Zineman hasi eta gero joan zinen telebista eta antzerkira. Aktoreen ibilbidea alderantzizkoa izan ohi da...
«27 ordu» filmerako Montxo Armendarizek oso pertsonaia konkretua nahi zuen, eta ni aukeratzea ustekabe handia izan zen. Kasualitate hutsez hasi nintzen zineman. Aktoreen ibilbidea alderantzizkoa izaten da baina horrek ate asko ireki zizkidan, nahiz eta gerora prestakuntza behar izan dudan. Aktore lanak heziketa sendoa eskatzen du, gerora esperientziarekin uztartu behar dena.
«La fabulosa historia de Diego Marín» filmatu berri duzue Sorian. Nor zen Diego Marín?
Antza denez, munduan berak asmatutako tramankulu batean hegan egin zuen lehenengo gizona; XVIII. mendearen bukaerakoa. Hegaztien lumak erabiliz delta hegalaren modukoa osatu eta hegan egitea lortu zuen. Azkenean, ordea, zerbaitek huts egin eta istripua izan zuen. Garai hartan ez ziren begi onez ikusten honelako balentriak eta beraz, Diego Marinen nahia oztopoz beteriko bidea izan zen. Azkenean erre egin zioten berak asmatutako tramankulua.
Balentria horretan oinarritua dago filmea beraz.
Bai, bere helburua lortu zuen baina ez zioten tramankulua osatzen utzi, eta horrela hil zen. Trajedia da azken batean, baina abentura kutsu nabaria du, era guztietako oztopoak gainditu beharko baititu hegan egiteko.
Honen aurretik «27 ordu», «Anonimoa» eta «Alma gitana»n ikusi zaitugu. Laugarren honen esperientzia zer moduzkoa izan da?
Filmatzen hasi aurreko prestaketa oso azkarra izan den arren, oso gustura gelditu naiz. Pantailaratzean ikusi beharko! Beti sorpresa izaten da eta. Aitor Mazo, Joseba Apaolaza, Pako Sagarzazu, Irene Bau edota Alicia Borrachero aktoreekin lan egitea oso esperientzia aberatsa izan da.
Diru eta bitarteko gutxirekin egindako filmea da...
Hogeitamabost miloi pezetako dirulaguntza zuen eta guztira berrogei miloirekin egin da. Filme bat egiteko oso aurrekontu txikia da baina gustura gelditu gara emaitzarekin. Lantalde osoaren -tekniko zein artistikoa- partaide bakoitzaren soldata erdia filmean erabili dugu. Hortaz, inoiz filmeak dirua emango balu etekina jasoko genuke! Baina momentuz soldata erdiarekin konformatu beharko dugu.
Diru eta bitarteko gehiagorekin hobeto egingo genukeen, baina kontatzen den istorioak ikuslea harrapa dezala da garrantzitsuena. Ea Donostiako Zinemaldirako aurkez dezaketen eta jendeak harrera ona egiten dion.
Goenkale utzi berritan, nola ikusten duzu bere arrakastaren olatua?
Telenobelaren jeneroak beti du, berez, halako arrakastarik. Goenkaleren esperientzia gurean berria izan da, eta pertsonaia batzuekin bete-betean asmatu dute, Herriaren izatean oso txertatuta baitaude, baserri eta herri giroan batez ere. Joxe Mari eta Maria Luisa asko ditugu gure artean, eta horretan hizkuntzak zerikusi handia dauka.
Goenkalek zuri zer eman dizu?
Kamera aurreko lanerako lasaitasun ikaragarria ematen du; denbora laburrean egin eta berehala jasotzen da emaitza. Kontran, Goenkalen ez dago lantzeko eta sormenerako asti gehiegirik. Eta aktore izateko beharrezkoa da gauzak lantzeko tartea izatea. Zinema eta antzerkiak erritmoen oso bestelako da, pertsonaia sakonkiago landu daiteke.
Datorren ikasturtean ez zaitugu Goenkalen ikusiko. Nola sentitu zara Jon Kepa homosexualaren paperean?
Oso gustura. Batetik, niregandik urruti dagoen pertsonaia delako eta hori beti da interesgarria, eta bestetik, pertsonaiak oso tratamendu egokia izan duelako. Normaltasunez eta begirunez jorratutako pertsonaia izan da Jon Keparena.
Euskal Herriko aktoreen mailari zer irizten diozu?
Hobetuz doa, nabarmen gainera. Oso jende ona ateratzen ari da. Espainiako Estatuan, madrildar eta katalanen atzean baina euskaldunak maila polita hartzen ari dira. Orain dela hamabost urteko fruituak jasotzen ari gara.
Aurrerantzean nolako lanekin amesten duzu?
Amesten jarrita, lanera oso toki desberdinetara bidaiatzea gustatuko litzaidake. Esate baterako, Amazonia aldera, bizitzak ematen dituen kontrasteez gozatu ahal izateko. Baina nire benetako ametsak oso apalak dira: jendea ezagutu eta lan egitearekin konformatzen naiz. Horixe da lanbide honen alderik erakargarriena, pertsona eta leku oso desberdinak ezagutzeko aukera izatea.
PATXI SARRIEGI