Ez Dok Amairu eta Nova Canco mugimenduen garaikidea zaitugu. Nola bizi izan zenuen garai hura, eta orduz geroztikoa?
Mugimendu haien garaian, Gaztelan Canción del Pueblo zeritzana zegoen; hamalau bat kantari ginen, Gillermina Motta eta Raimon tartean. Kultur eta musika mugimendu haiek berebiziko eragina izan zuten: garai bateko aurpegiak ziren, egoera zehatz bati erantzunez. Egin zen musika ere halakoxea.
Geroago, herrialde hauen bilakabidearekin batera, mugimendu haien baitan zeuden kantariak, bestelako gizarte eta arazoak sortu zirenean, norbere modura aritu izan dira. Aldi berean, musikak orduan hartzen zuena baino alor askos ere zabalagoa har dezakeenez, artista bakoitzak bere ildoari segitu dio, nork bere gustu eta ahalmenen arieran.
Zein izan da zure ibilbidea ordutik?
Lehen diskoa grabatu nuen, Estatu Batuetan. Hamar bat ditut: hauetako bizpahiru Katalunian eta haurrentzako bat horien artean. Munduan barrena ibili naiz eta hainbat herrialdetako kulturak ezagutzeko parada izan dut. Galizian izan ezik, Penintsulako eskualde guztietan bizi izan naiz.
Musika ere konposatu dut. Gehienbat, ordea, folklorea ikertu eta hura nire moldean kantatu dut; bereziki Gaztelar erromantzeroa landuz. Poeta ugari musikatu dut: Machado, Alberti, Leon Felipe, Goitisolo eta Lorca, besteak beste. Orain Lorcaren poemak eta musika judutarra uztartzen ari naiz eta Jerusalemen grabatuko dut diskoa aurki.
Zarautzen bizi zara azken urteotan. Bertako musikariekin ari zara. Zer moduz?
Oso gustura nago Euskal Herrian. Ekainetik kantaldi sorta bat eskaintzen ari naiz herriz herri Kutxaren eskutik; horrela irailera arte. Oso esperientzia polita eta berria da. Judutar musika eta gaia ez da ezagunegia hemen, baina entzuleek gustuko dutela konturatu naiz. Kantaldira jendetza handia etorri ez bada ere, gerturatutakoa liluratuta sumatu dut. Horren itxaropenik ere banuen, Euskal Herria, judutarraren moduan hagitz malenkoniatsua eta sentibera baita.
Pascal Gaigne eta Luis Caminore musikariekin ari naiz. Sekula lortu ez dudan konplizitatea izan dut beraiekin, liluratu egin naute. Ulertzen dute zer nahi dudan, zer gustatzen zaidan. Horregatik, bertako disketxe batekin beste disko bat aterako dut judutar kulturaren inguruan bi musikari hauekin.
Zer osasun ikusten diozu herri musikari eta honen barruan folkari. Azken honek ba al du izaterik?
Gaur dugun musika gizartearen isla da. Azken 20 urteotan musika mekanizatuaren eragin izugarria izan dugu, multinazionalek eta hedabideek baldintzatuta. Musika teknologizatua gehiegi izan da, sormena alde batera utzi da, ekoiztu eta saltzea izan da bereziki balio izan duena.
Egungo folklorea, kantautoreena baino ez da. Ikaragarria da bizi dugun egoera. Folk kantariak eta kantautoreok zailtasun handiak ditugu sortzeko. Ez bazara kultur menderatzaile baten partaide, oso zaila da zure kultur eskaintza zabaltzea.
Aldi berean, sortzaile izatea guztiz zaila da. Oso errotua izan behar duzu lantzen ari zaren kulturan, biziki barneratua. Sarritan geurea mespretxatua izan ohi da, edota ez dute laguntza nahikorik erakunde ofizialengandik.
Bestalde kantariok geroz eta gehiago imitatzaile izatea kondenatuta gara. Artistak norberak ez badu bere kultura oso garbi, ez badu ongi ulertzen, imitatzera beharturik dago.
Zure ibilbide musikala oso da joria. Zein kultura da zurea?
Ez naiz aditu baina uste dut Mendebaldeko kulturak bi lekutan hartzen du funtsa: Ekialde Hurbilean eta Iberian. Mediterraneoan kokatu, Europa osora zabaldu eta Ameriketara jauzi egiten zuena. Euskal Herria ez da Mediterraneoko kulturatik at. Lehenengo iberiarrak euskaldunak izan bide ziren. Hor sentitu eta kokatzen dut nire kultura eta nire musika emaria.
Euskal sena ez zait arrotz egiten. Trikitixa edo nafar jota entzun, eta ez zaizkit arrotzak. Gaztelako «seguidilla»rekin lotzen dut, baita Sevillakoarekin ere. Beste gauza bat da hizkuntza, jakina. Eta horrek markatzen ditu desberdintasunak.
Euskal erritmoak Mendebaldean hedatuak daude. Musikalki barneratua dut euskal musika. Denborarekin hizkuntza ere bildu nahi nuke. Agian, egunen batean, nire musika emaitza euskal kulturarekin ere osatuko dut.