argia.eus
INPRIMATU
"Arropetan azken hitza ETBko zuzendaritzak du"
1996ko uztailaren 28a

Zein irizpide erabiltzen dituzue jantziak aukeratzerakoan?

Platoaren itxura kontuan hartzen dugu, pertsona bakoitzaren estiloa, eta denaren gainetik ETBko zuzendaritzak eman nahi duen irudia dago. Hiru ezaugarri hauekin oreka lortzen saiatzen gara. Aurkezten duen pertsona eroso egotea da garrantzitsuena. Argiak sekulako garrantzia du gure lanbidean eta adibidez gaueko programetan aukera gehiagorekin jokatzeko aukera daukagu. Adibidez «Toma y Daca» saioan kolore gehiago erabil dezakegu.

Nola sartu zinen jazkien munduan?

Nik moda arloko enpresa bat daukat Algortan. Lehiaketa batetara aurkeztutako proiektuaren ondorioz lortu nuen ETBko lanpostua. Lan hau egiten hiru pertsona gaude, bat Miramonen eta beste biak Iurretan.

Hainbat bitxikeria gertatuko dira zuen lanbidean.

Behin kazetari bati jaka jakin bat jazteko esan genion, baina zoritxarrez bi neurri txikiagoko jaka jarri genion.

Zein da aurkezleek erabiltzen duten arroparen jatorria?

12 denda kolaboratzaile daude gaur egun. Gu Euskal Telbistaren bitartekariak gara eta denda aproposak bilatzen ditugu , kolorea aukeratzen dugu eta arropa mota ere bai. Hau normalean publizitatearen truke egiten da. Aurkezleak ni eta nire taldearekin arropen aukeraketa egiten dute. Aurkezleei esaten zaie gutxi gora-behera zer jantzi mota geratzen zaien ondoen.

Erabilitako arropa horrekin zer egiten duzue?

Orokorrean urtaro amaieran dendak arropak uzten dizkigute eta orduan ongi daudenak guk almazenera eramaten ditugu. Arropa zahartzen denean zahar egoitza batetara bidaltzen dugu. Kontutan izan behar da arropa asko batzen dela, aurkezleez gain kazetari asko baitaude ETBn.

 

NAGORE GOIBURU